GARA > Idatzia > Ekonomia

KPIa bere horretan mantendu da Araba eta Bizkaian eta %0,1 igo da Gipuzkoa eta Nafarroan

Urtarrilarekin alderatuta, KPIa %0,1 hazi da otsailean Gipuzkoa eta Nafarroan, eta ez du aldaketarik izan Araba eta Bizkaian. Urtebetean, berriz, %3,4 eta 3,6 artean garestitu dira prezioak Hego Euskal Herrian.

GARA |

Gipuzkoan %0,1 egin du gora kontsumo prezioen indizeak (KPI) otsailean urtarrilarekin alderatuta, eta beste hainbeste, Nafarroan. Araban eta Bizkaian, adiz, prezioek ez dute aldaketarik izan. Azkenik, 2011. urtea hasi denetik, bi hilabetetan beraz, %0,7 eta %1 artean merkatu dira prezioak Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan atzo Estatistika Institutu espainolak zabaldu zituen datuen arabera.

Herrialdez herrialde, urtarrila eta otsaila kontuan hartuta, Nafarroan merkatu dira gehien prezioak, %1 hain zuzen ere, eta atzetik, Bizkaian %0,9, Araban %0,8 eta Gipuzkoan %0,7.

Horrekin batera, 2010eko otsailetik 2011ko otsailera, urtebeteko tartean beraz, eta nahiz eta bi hilabete emaitza orokorra negatiboa izan, %3,6 garestitu dira prezioak Araban eta Bizkaian, %3,5, Nafarroan eta %3,4, Gipuzkoan.

Jantziak eta oinetakoak

Kontsumo Prezioen Indizeak aintzat hartzen dituen produktu eta zerbitzuei erreparatuta, aurreko hilabetearekin alderatuta, merkealdia tartean, jantziak eta oinetakoak merkatu ziren gehien lau herrialdeetan.

Elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak ere merkatu ziren aurreko hilabetean: %0,2 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eta %0,3, Nafarroan. Produktu eta zerbitzu gehienak, hala ere, garestitu egin ziren. Garraioa izan zen, beste aldetik, prezio gorakada handiena izan zuena: %0,8 EAEn eta %0,9 Nafarroan. Etxebizitza %0,5 garestitu zen Nafarroan eta %0,3 EAEn.

12 hilabetetan ere goranzko norabideari eutsi diote prezio gehienek herrialde guztietan: Alkoholdun edariak eta tabakoa %14 garestitu dira EAEn, eta %14,6 Nafarroan; garraioa %9,5 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eta %9,6 Nafarroan; etxebizitza %7,8 EAEn eta %9,3 Nafarroan, eta etxea hornitzeko tresneria, %1,8 EAEn eta %1,5 Nafarroan.

Komunikazioa izan da Nafarroan urtebetean merkatu den bakarra, %0,8 hain zuzen, eta %0,7, EAEn, aldiz, Medikuntza sektorea ere merkatu egin da EAEn, %0,3; aitzitik, Nafarroan %0,2 igo da.

Azkenik, urteko lehen bi hilabeteetan etxebizitza garestitu da gehien Nafarroan, hots, %3,3, eta %3,4, EAEn. Edari alkoholdunek eta tabakoak ere gora egin dute, %2,3 bai EAEn, bai eta Nafarroan ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo