GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Gero eta gehiago, Telesforo Monzonen bidean

Orain dela 30 urte hil zen Telesforo Monzon euskal politikari, idazle eta musikari abertzalea edo, beharbada zuzenago, abertzale eta politikari, idazle eta musikaria. Jatorri aristokrata zuen, eta karlismoari lotutako ingurutik nazionalismora jauzi egin zuen gazterik: EAJko politikari nagusietakoa izan zen, gerra betean Jose Antonio Agirreren Gobernuko Barne kontseilari izateraino. Zenbait urte igarota, ordea, ezkerreko mugimendu abertzalera egin zuen, beti ere abertzale guztien batasuna aldarrikatuz. Euskararen defendatzaile sutsu, hizlari aparta, Piarres Lartzabalekin batera euskal errefuxiatuen babesle nekaezina, Herri Batasunaren sortzaile... Euskal Herriaren zerbitzuko bizi oso bat.

«Batasuna» azken hamarkadetan Euskal Herri osoan gehien entzun diren abestietakoa da, Monzonen olerki batek eta Pantxoa eta Peio abeslarien doinu batek osatua, eta batasuna izan zen, halaber, Monzonen mezu nagusia. Herri batasuna aldarrikatu eta hari eskaini zizkion urte asko, sakrifizio eta sufrimendu handiak. Ez alferrikakoak, ordea. Izan ere, pozik egoteko motiboa du Telesforo Monzonek, dagoen lekuan dagoela. Abertzaletasuna gaur egun indarberriturik eta inoiz baino batuago ageri da, indar biltze prozesu betean; pozik, gero eta gehiago baitira Maltzagaraino elkarrekin joateko prest daudenak, haren mezuari jarraituz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo