GARA > Idatzia > Kultura

«11.bit», teknologiari buruzko saioa, aurki Hamaika Telebistan

Azkue Fundazioak eta Hamaika Telebistak atzo sinatu zuten elkarlanean teknologiari buruzko saio bat ekoizteko akordioa. «11.bit» Ainara Tirapu kazetariak zuzenduko duen ordu erdiko saioa izango da, guztira 24 atalekoa. Estreinakoa, datorren ostegunean, martxoaren 16an.

p049_f01_148x100.jpg

Anartz BILBAO |

Egoitza duen Euskararen Etxean, Azkue Fundazioak Hamaika Telebistarekin hitzarmena sinatu zuen atzo, Aldundiko ordezkari Miren Dobaran, Bizkaiko Aldundiko Euskara Sustatzeko zuzendari nagusia, bertan zela.

Azkue Fundazioko zuzendari Rodrigo Gartziaren esanetan, telebista urbanoa da Hamaika, eta gazteengana heltzea du helburu Azkue Fundazioak ere; «teknologia berriekin euskara sarean josita». Hamaika Telebistako zuzendari Urtzi Urrutikoetxeak aitortu zuenez, «euskarazko telebistak umeengana bai, baina gazteengana heltzeko, eta hirian, zailtasunak izan ditu». Eta nerabe zein gazteengana heltzeko erronkari aurre egiteko prest agertu zen, «irabazi beharreko esparrua baita».

Dobaranek, munduan hiztun kopuru txikia izanik ere euskarak sarean duen presentzia goraipatu zuen, eta kasik nerabeen %100 sare sozialetan zela gogorarazi zigun. «Aukera ikaragarria du euskarak sarean, eta indarrak metatu beharra dago produktu erakargarriak gauzatzeko. Izan ere, «erabilpena ona da euskaraz, baina areagotu beharra dugu, eta jakintza librea sustatuz eduki gehiago sortu», Gartziaren ustez.

«11.bit» saioa «ekimen pozgarria da» ahalik eta leku gehienetara heltzeko pausoak ematen ari den telebistarentzat, eta Bilbotik Bizkai osora helduko da, Hamaika eta herrialdean zehar zabaldutako telebista lagunen bitartez.

Gazteengana heltzea helburu

Saioaren gidaria Ainara Tirapu kazetari nafarra izango da. Guztira ordu erdiko 28 saio izango direla azaldu zigun berak atzo: «Martxotik ekainera bitarte emango ditugu erdiak eta datorren udazkenetik gabon bueltara besteak». Atal bana astero, aurrenekoa datorren asteazkenean, martxoaren 16an, botako dute, iluntzean, 19.45ean -errepikapenen bat ere izango da asteburuan-.

«Bospasei gai izango ditu atal bakoitzak. Tarte erdia sarearen bidez Euskal Herritik mundura irekitzen diren leihoak ezagutarazteko erabiliko dituzte, baita Azkue Fundazioaren ekimenenak argitara emateko ere. Horrez gain, azken albiste teknologikoak ezagutzeko aukera eta bitxikerien berri izateko beta izango da, «Ba al dakizu...» galderen bidez. Eta atal bakoitza bukatzeko, sarean ikusgai den bideo bat jarriko dute astero. Teknologiaren inguruko albisteak emateko, Euskaltelen aholkularitza izango du «11.bit» saioak.

Hamaika Telebistan izango den saio berria, gainera, Azkue Fundazioko Internet ataritik ere jarraitu ahal izango da, leihotxo baten bidez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo