Top 14
Hutsune nabarmenekin jokatuko du Biarritzek
Sei Nazioak jokoan direla jokatuko dute gaur ere Biarritzek eta Racing Metro taldeek, eta bietan izango dira hutsune garrantzitsuak. Egutegia horrela dago, eta jokatu egin beharko dute, nahiz eta zuri-gorriek eta Parisekoek asko, ikaragarri duten jokoan.
Racing, gaur arte, Biarritzen aurkari zuzena da, baina gaur garaipena lortzen baldin badu, ihes egingo du, eta finalerdietan zuzenean sartzeko aukera handiak izango ditu talde frantziarrak.
Racing une honetan sailkapeneko bigarren postuan dago 62 punturekin, eta seigarren dago Biarritz bederatzi puntu gutxiagorekin. Zuri-gorriek garaipen bat lortuta, urrats handia egingo lukete final-laurdenei begira, eta galduta, berriz, aurkari batek ihes egingo lieke, eta beste emaitzen zain egon beharko dute.
Biarritz une onean dator, eta Ligako azken txanpari heltzeko sasoi onean dagoela iragarri zuen atzo Jean Michel Gonzalez entrenatzaileak. Gaurko bajak baditu, baina paristarrek ere badituztela esan zuen entrenatzaile euskaldunak, eta horrek ez omen du aitzakia izan behar gaur eguerdiko partidarako. Ordutegia ere ez da oso ona, 13.50ean jokatuko baita partida, baina Sei Nazioak tartean dira, eta horri kasu eginez jokatu beharko da gaurko jardunaldia.
Sei Nazioak
Sei Nazioen Torneoan Frantziak gaur jokatuko du Italian. Frantziarrek garaipena behar dute azkeneko jardunaldira txapela lortzeko aukerekin heltzeko. Dimitri Yachviliren hutsune garrantzitsua izango dute urdinek, baina baja garrantzitsuagoa izango da Biarritzentzat, berehala jokatzeko moduan jartzen ez baldin bada. Gaur , bestalde, Galesek Irlanda hartuko du, eta biek titulua lortzeko aukerekin jarraitzeko, garaipena behar dute.
Jardunaldiko partidarik erakargarriena bihar jokatuko dute Ingalaterrak eta Eskoziak. Ingelesak sailkapeneko buruan daude, jokatutako partida guztiak irabazita, eta garaipena behar dute lehen postu hori indartzeko, baita Grand Slama lortzeko aukerei eusteko ere. Hori dena gutxi balitz, Kalkuta Kopa ere jokoan izango dute, eta gaur garaipena lortzen duen selekzioak eramango du titulu hori. Ingalaterrak orain arte dena irabazi du; Eskoziak, ostera, alderantzizko bidea egin du, jokatutako partida guztiak galdu egin baititu.