GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Irati Tobar Eguzkitza, Xabi Irigoyen eta Iker Elizalde

Larunbatean euroaginduari ezetz erranen diogu

Azkenaldi honetan, Euskal Herriko bazterrak irauli egin dituzte hainbat gertakizunek. Estatu frantsesak Aurore Martinen aurkako euroagindua onartu zuenetik sostengu anitzak lortu izan dira bera Espainiaratu ez dezaten. Hautetsi, eragile sozial eta herritar andanak ezetz erran diote euroaginduari. Memento horretan, hautetsiek Aurore beren etxeetan aterpetzeko engaiamendua hartu zuten.

Horren ondotik, tortura saihesteko, Segi-ko zortzi militante Izpuran agertu ziren beren nahia Ipar Euskal Herrian beren lan politikoarekin segitzea zelarik. Bertan hainbat hautetsik Segiko militante horiek beren etxeetan hartzeko deliberoa hartu zuten. Haien asmoa gazte horiek lana, etxebizitza eta hemengo bizitzan integratzea zen. Orduan ikusi dugu Estatu frantsesaren erantzuna: atxiloketa bortitzak, hautetsiei mehatxu eta mespretxua erakutsi eta Segiko zazpi gazteren presondegiratzea eta euroaginduaren prozedurak abian ezartzea. Euroagindu horiek onartzearekin Estatu frantsesak tortura onartzen du. Ulergaitza benetan giza eskubideen aberria izan nahi duen horretan.

Baina zer da Segiko militanteei leporatzen dietena? Sinpleki erranez, Euskal Herri independente eta sozialista baten alde egunerokoan lan egitea, beren herrietatik hasiz. Egon gintezke ados edo ez haien ideiekin, baina ez dugu onartzen ahal ideia politiko soilak defendatzeagatik edozein herritar jazarria, atxilotua, torturatua eta presondegiratua izatea.

Egoera larri honen aitzinean, guk erabaki larri bat hartu dugu, hau da, gose grebari ekitea. Hasieratik, argi azaldu ditugu ekimen honen zergatiak: euroaginduari ez errateaz gain, eskubide zibil eta politikoen errespetatzea aldarrikatzen dugu, finean, Euskal Herriak ezagutzen duen gatazka konponbidean ematea. Sentsibilitate ezberdineko arduradun politiko eta hautetsi anitzek gure galdeekin bat egin dute. Honen ondorioz, prentsaurreko baten bidez deia luzatu genuen martxoaren 19rako Hendaiako Herriko Etxe aitzinean elkarretaratze batean parte hartzeko.

Guk ere dei hori luzatu nahi diegu euskal herritar guztiei, martxoaren 19an ahalik eta jende gehien izan gaitezen «euroaginduari ez» erraten eta eskubide zibil eta politikoen defentsan. Iruditzen zaigu momentu garrantzitsu bat bizi dugula eta denen ekarpenari esker Euskal Herria ezagutua izatea lortuko dugula.

Besterik gabe, larunbatean Hendaian elkar ikusiko dugulakoan, animo eta segi aitzina.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo