GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Jazint eta Xalba Ramirez Preso politikoak, Toulouse Seysses-etik

Mila esker babesa eskaini diguzuen guztioi

Orain astebete pasa, Izpuran ginen. Euroaginduaren kontra eta eskubide zibil eta politikoen aldeko itxialdian. Itxialdian, beste hamaika gazte borrokalarirekin. Itxialdian, errepresioari ateak ixteko. Itxialdian, gure maitasun eta ametsak itxi ez zitzaten.

Orain espetxean gaude. Txakurrek ez dute egun bat ere itxaron. Gure bizitza publikoki berrartzerik ez dute nahi izan. Orain baten batek pentsatuko zuen jada ez dagoela ezer egiterik; aste osoko dinamikaren ondoren, ehunka herritarrek babesa eskaini eta gero, hautetsiek euren etxeetan hartuta ere, berdin-berdin atxilotu eta espetxeratu gaituztela.

Baina nor atera da galtzen kontu honekin guztiarekin? Gu? Egunero atxilotu, torturatu eta espetxeratuak garen gazteok? Egunero askatasuna ukatua zaigun gazteok? Edo espainiar eta frantses estatuak izan dira benetan galtzaileak?

Lehena, urte luzez gazteok torturatu eta espetxeratu arren, ikusi duelako euren atzaparretatik ihes egitea lortu dugunok garenaz harro eta borrokarako prestutasun osoz jarraitzen dugula. Bigarrena, bere benetako izaera antidemokratikoa agerian utzi behar izan duelako, horrenbeste gorroto duten prentsa eta argazkilarien aurrean. Gatazka ezkutatzen saiatzen dira, baina ezinezkoa zaie gero eta gehiago direlako eskubide urraketen kontra altxatzen diren ahotsak, gero eta gehiago, gatazka politikoari aterabide demokratikoa eman behar zaiola oihukatzen dugunak.

Guk gure aldetik errepresioaren kontra eta independentziaren alde lanean jarraitzeko deia egin nahi diogu euskal gizarteari eta, batez ere, euskal gazteria iraultzaileari. Aupa zuek!

Azkenik, eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu aste osoan babesa eskaini diguten lagun, senide eta gazteei, eta bereziki, eta zinez bihotzez, zuen etxeetan hartu gaituzuen hautetsiei. Zuetako bat sentiarazi gaituzuelako, maitasun iraultzaile osoz besarkada estu bat.

Gaur espetxean eginen dugu lo, baina gure buruak Izpuran dira, biharko euskal estatu sozialistarekin ametsetan. Irabaziko dugu!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo