Lau milioi eurotik gora irabazi zuen iaz Kursaal aretoak, orain arteko kopururik handiena
Oihane LARRETXEA | DONOSTIA
Egoera ekonomiko orokorra sasoi betean ez dagoen arren, Kursaalek, Donostiako auditorio eta biltzar jauregiak, 2010. urtean burututako ekitaldiekin 4 milioi euro baino gehiago eskuratu zituen, alegia, orain arte inoiz izan duen diru sarrerarik handiena. Iker Goikoetxea Kursaaleko zuzendariak, zifren garrantzia goraipatzeaz gain, iragandako urtea «biltzarren urtea» izan zela esan zuen atzo Donostian.
Kursaalen arlo askotariko ekintzak antolatzen badira ere, Goikoetxeak esan zuenez, hitzaldi eta konferentziek 18.000 pertsona erakarri zituzten azpiegitura honetara eta zenbakiok Donostiako jauregia Estatu mailan daudenen artean hirugarren postuan kokatu dute -egun, hirurogei dira guztira-.
Agendari dagokionez, iaz 2009an baino ia %8 ekitaldi gutxiago ospatu ziren, baina gero eta jende gehiago hurbiltzen da: 4 gipuzkoarretatik hiruk ezagutzen dute Kursaal eta biztanleen %81ek auditorioari buruzko iritzi ona dute. Atzerriko iritziak ere positiboak dira, batetik hamarrera 8,25 jasota.
Datu onekin jarraituz, azaroan irisgarritasunaren Ability ziurtagiria jaso zuen, hau eskuratu duen lehen jauregia izanik. Errekonozimendu honen bidez, balio katean -langileak, hornitzaileak, bezeroak...-, ezintasuna ahalik eta ongien integratzen duela bermatzen da.
Biltzar gehiago
Ekitaldien egutegia itxi gabe dago, eta, oraingoz, urte honi dagokionez, dagoeneko 21 biltzar baieztatuta daude. Horien artean, mundu mailako bi bilera nabarmendu zituen Goikoetxeak: IPAC (Partikula Azeleratzaileen Nazioarteko Biltzarra) eta ESCOP (Psikologia Kognitiboaren Europako Elkartea).