GARA > Idatzia > Ekonomia

Abeltzaintza dagoen «zulo beltzetik» ateratzeko neurriak eskatu ditu EHNEk

A.Z.

EHNE sindikatuak deituta, Nafarroako Larraun, Araitz, Basaburua, Leitza, Ultzama, Odieta eta Anue herrietako abeltzainek sektoreak bizi duen krisialdi larriaren aurrean irtenbideak eskatu zizkieten atzo agintari politikoei. Hain zuzen, Nafarroako Gobernuko hainbat ordezkari Uitziko Plazaolaren natur bidearen eta Lekunberriko zaharrentzako eguneko egoitzaren inaugurazio ekitaldian izan ziren atzo, eta abeltzainek, «Abeltzaintza irtenbiderik gabe» eta «Abeltzaintza azkenetan: SOS» zioten pankartak eskuetan, Larraungo bailaran eta inguruetan jarduera ekonomiko honek duen garrantzia gogorarazi zieten. Horrekin batera, «abeltzaintza dagoen zulotik ateratzeko» neurriak har ditzatela eta premiazko inbertsioak egin ditzatela eskatu zieten abeltzainek politikariei.

Izan ere, EHNE sindikatuak nabarmendu zuenez, eskualdean turismoa bultzatzeko eta nagusiek bizi kalitatea izan dezaten aurrerapausoak ematen diren bitartean, neurririk hartu ezean abeltzaintzaren etorkizuna beltza da oso. Hala, abeltzaintza Larraungo bailarako herri asko mantentzen dituen jarduera garrantzitsua izanik, desagertzen bada, herriak hustu eta garapena ezerezean geldituko dela esan zuen sindikatuak.

Nafarroako ipar-mendebaldean diren 3.248 abeltzaintza ustiategiek galera handiak dituztela azpimarratu zuen EHNEk, baita baserriak ixteko kinka larrian daudela ere, eta abeltzaintza bertan behera uzten bada herrietan diren beste jarduera ekonomikoetan ere diru-sarrerak murriztuko direla. Ondorioz, «Nafarroan hain estrategikoa den jarduera» aurrera atera dadin «beraien eskuetan diren lanabes guztiak» erabiltzeko eskatu zien arduradun politikoei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo