GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander GARRO Idazlea

Kaosa baino lehen

Ez da aspaldi dentistarengana lehen aldiz joan naizela. Premia larria nuen. Nire beldurren rankina egin beharko banu, gorputz polizialak aparte, marrazoek baino ez didate dentistek adina beldurrik ematen, eta ez edozein marrazok: zuri potolo horiek bakarrik. Mailu-marrazo batekin azkarrago sartuko nintzateke igerileku batean, dentista batekin baino. Baina joan nintzen.

Pelukeroarenean bezalako aulkia, burdinazko lanabesak nonahi (zorrotzak guztiak ere), eta telebista bat sabaiari itsatsita. Aulkia mekanikoki etzan zen, sabaiko telebistan itsaspeko irudiak azaldu ziren, begiak itxi nituen. Ahoa irekitzeko eskatu zidan, ireki nuen, “gehiago” esan zidan gero, gehiago ireki nuen, nire matrail-hezurra hain malgua zenik jakin gabe. Burdin bat sentitu nuen ahoan, gero ezer ez. Taladroaren hotsa, txirbilak aho barruan. Lanbide heziketa garaiko irudiak etorri zitzaizkidan, burdinari txirbilak neronek ateratzen nizkionekoak. Hodi bat sartu zidan dentistak orduan, nire aho lokartuari zerizkion adurrak irensteko langintza zuena. Lanak amaitzean, kutxan eskupekoak utzi, eta norbaitek elur bola bat aurpegira bota izan balit bezala atera nintzen infernu hartatik. Nire hagineko zuloei distira ateratzen ordu eta erdi inguru eman zituen dentista andere xarmangarriak.
Nire kauta esan nuen: ez ote da lizuna, gizakiak saldoka akabatzen dituen mundu honetan, norbaitek beste baten haginei begira horrenbeste denbora pasatzea? Baina, orduz geroztik, gehiagotan itzuli naiz, eta gehiagotan itzultzeko agindu dit dentistak gainera. Kaos nuklearrak gu ere elektrizitaterik gabe utzi aurretik, komeni ahoko lubaki guztiak ongi istea. Gero gerokoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo