KRONIKA | EURITEAK EUSKAL HERRIAN
Udaberriaren atarian, eurite latzek hartu dituzte bazterrak
Neguaren azken txanpan iritsi zaizkigu egunik euritsuenak. Euskal herriko hainbat txokotan loak hartu ezinik igaro zuten gaua hainbatek. Eguzkiaren aurreneko izpiekin ibai eta errekak leporaino beteta zeudela ohartu arte. Urumea, Oria eta Arakil ibaiak dira horren adibideetako batzuk. Errepideetan nabaritu zen eguraldiaren alderik traketsena.
Ana ABARIZKETA
Eguraldia burutik kendu ezin izaten den egun horietakoa izan zen atzokoa. Gau iskanbilatsua izan zen Euskal Herriko hainbat txokotan, ibaiak indarra hartzen zoazen neurrian, hainbati egunsentia heldu zitzaien, begiak zabal-zabalik zituztela. Aurreneko eguzki izpiekin eta eguna argitu bezain laster erreka beteei erreparatu eta, ziur asko, hainbati memorian gordetako pasarte kezkagarri bezain ilunak etorri zitzaizkion gogora.
Negu epela izan da aurtengoa, aurrekoarekin alderatuz behinik behin. Hotz handirik jasan gabe joan zaigu, elurte ikaragarririk gabe. Eta, orain, udaberriaren aztarnak nabaritzen hasteko unea iritsi denean ailegatu zaizkigu eurite garrantzitsuenak. Hain justu, datorren astelehenean, hilaren 21ean, sartuko gara askoren urtarorik preziatuenean.
Atzokoak, hala ere, negu iluneko egunaren tankera izan zuen, zeru tristea lagun egun osoan. Horrela, euriak, goizaldean behintzat, ez zuen gelditzeko asmorik erakutsi eta alerta laranja piztu zuen Lakuako Gobernuak goizean, Gipuzkoan arreta berezia jarriz.
Ikusmin handiena, beharbada, Oriak eta Urumeak piztu zuten, uste zena baino euri gehiago bota baitzuen bertan. Bat baino gehiago beldurtu zen. Ez zuen gainezka egin, baina euri asko bota zuen. Urumean Ereñotzu inguruan batez ere, uste baino gehiago igo baitzen ibaiaren maila.
Urola ibaiaren mailak ere gora egin zuen nabarmen egunak aurrera egin ahala. Zarautz eta Getaria artean, Urola kostan, lurjausiak izan ziren, errepidea urez eta lurrez beteta geratu arte. Ez zen, ordea, bestelakorik gertatu eta normaltasunez igaro zen eguna orokorrean, nahiz eta itsasoa nahasi samar ibili.
Bizkaian ere izan zen gorabeherarik. Ibaizabal ibaiak, Galdakao eta Zornotza artean, gainezka egin zuen eta errepidean arazoak sortzeaz gain, urak inguruko soroak hartu zituen. Alerta gorriaren mugara gerturatu zen ibaia egunean zehar. Izan ere, Lemoan, 100 litrotik gora bota zituen hamabi ordu eskasetan.
Nafarroan, Sakanako eskualdean, Arakil ibaiak NA-2410 errepidea ixtea ekarri zuen ibaiko urek gainezka egin ostean. Zamartze monasteriotik gertu izan zen hori. Alerta horia egon zen ezarria eskualde osoan. Baztan bailaran, Gorramendi estazio meteorologikoan, 95,1 litro metro koadroko jaso ziren. Euri jasa handi hauek Nafarroako urtegi nagusiek ura pilatzeko ere balio izan zuten; horrela, Eugiko urtegiaren edukieraren %76,20 bete da, Allotzekoan, %68,20 eta Esakoan, %92. Antzekoa da beste eskualdeetako egoera.
Gorabeherak errepideetan
Ohikoa den bezala eguraldiaren alderik traketsena errepideetan nabarmentzen da eta atzokoan ere berdin gertatu zen. Izan ere, Euskal Herriko errepideetan makina bat arazo izan zen. Eibarko ezbeharra goizeko 8.15 aldera jazo zen, akaso, euriteen ondorioz izandako istripurik nabarmena. Zisterna-kamioi bat gurutzatuta gelditu zen A-8 autobidean eta 10 kilometroko auto-ilarak eragin zituen. Istripuaren ondorioz, Irungo norabideko bi bide eta Bilborako norabideko bat itxita egon ziren. Ezbeharraren ondorioz gidari batek baino gehiagok igaro behar izan zituen orduak autoan mugitu ezinik. Gainera, Bilboko norabideko bi erreiak itxita egon ziren tartetxo batez. Istripuaren ondorioz gidaria ospitalera eraman behar izan zuten.
Zornotza pareko N-634 errepidea ere itxita egon zen ordu batzuez. Gainera, BI-2120 ere, Mungiaren eta Plentziaren artean, itxi egin zuten errepidean ura pilatu zela-eta.
Euskalmeten informazioaren arabera, astearte eguerditik 121 litro jaso dira metro karratuko Leitzaranen, 104 Berastegin, 99 Lasarten, 98 Añarben, 80 en Bidanian, 75 Miramonen eta 50 Almikan.
Bestelako arazoak ere sortu zituzten atzoko eurite eta haize ufadek. Hondarribiko aireportuan, goizeko lehen orduko hegaldiak Bilbora desbideratu behar izan zituzten eguraldia zela-eta.
Gaurkoa egun lainotsua izango da, horrela dago iragarrita behintzat. Hala ere, euriteek behera egingo dute eta pixkanaka egoera bere onera itzuliko da, batez ere arratsalde partean, atertzera egingo baitu. Horrela, apurka-apurka udaberri giroan sartzen joango gara, ate-joka baitugu jada urtaro berria.