GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

BARTZELONA

Gaur egingo diote ebakuntza Abidali

GARA | BARTZELONA

Eric Abidal futbol munduko protagonista handi bilakatu zen atzo zoritxarreko arrazoi baten erruz. Astearte arratsean eman zuen jakitera Bartzelonak atzelari frantsesari tumore bat atzeman diotela urdailean eta ebakuntza egin beharko diotela hura kentzeko. Hasiera batean, ebakuntza ostiralean egingo zela uste bazen ere, azkenean gaur bertan egingo diote Bartzelonako BarnaClinic ospitalean, 16.00etan.

Dirudienez, odol analisi batean antzeman zioten tumorea zuela eta, ondorioz, sendagileek tumorea oso txikia izatea espero dute. 32 urteko jokalariak atzo egin zituen ebakuntza aurreko mediku-proba guztiak eta Bartzelonaren kirol instalazioetan ere izan zen taldekideei egoera azaldu eta berriz ere jokatzeko prest egon arte -aurtengo denboraldian jada ez ziur asko- agur esateko.

Taldekideak, hunkituta

Ohikoa den moduan, babesa adierazteko mezuak azkar eta ugari iritsi ziren astearte gauetik hasita. Xavi Hernandez bere taldekidearen hitzak izan ziren hunkigarrienetakoak. Kataluniarrak onartu zuenez, Abidalena «aldagela batean bizi izan dudan egoerarik zailena» da, eta atzokoa, «oso egun tristea» Bartzelonako jokalarientzat.

Hala ere, Tarrasako erdilari bikainak baieztatu zuenez, adoretsu ikusi zuen Eric Abidal. «Ia esan liteke berak gehiago animatu gaituela gu, guk bera baino».

Sandro Rosell presidenteak ere hitz egin zuen, taldeak Abidali laguntzeko «bere esku dagoen guztia» egingo duela esanez. «Bartzelona ehuneko ehunean dago Eric Abidalekin. Taldeak ahal duen guztia egingo du berari laguntzeko eta lehenbailehen osa dadin. Osasuna beste ezeren gainetik dago bizitzan. Abi, Barçak maite zaitu», adierazi zuen Rosellek.

Euskaldunen babesa

Abidali helarazitako babesa Kataluniatik kanpo ere nabarmena izan zen, baita Euskal Herrian ere. Oskar de Marcos Athleticeko jokalariak, adibidez, ez zuen ahaztu berri txarra eta hitz batzuk esan nahi izan zituen Lezamako prentsa aretoan: «Hemendik, talde guztiaren izenean, onena opa diogu. Besarkada bat bidaltzen diogu, ziur baikaude erabat osatuko dela. Denok gaude hunkituta, baina gure animoa eman nahi diogu, dena ongi aterako baita».

Beste hainbat taldek eta jokalarik ere beren babesa azaldu zuten, eta agian kasurik bereziena Betisena izan zen. Izan ere, orain dela oso egun gutxi jakin zen sevillar taldeko Miki Roque atzelari kataluniarrak tumore gaizto bat zuela pelbisean. «Talde zuri-berdeko kideok ebakuntza ongi ateratzea espero dugu eta jokalariaren osatze prozesua ahalik eta azkarrena izatea. Animo, Eric», izan zen Betisen mezua.

Interneten ere, Twitter eta Facebook sare sozialetan, milaka mezu jaso zituen Bartzelonako atzelariak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo