GARA > Idatzia > Kultura

Anartz BILBAO Musikazalea

Sopranoaren adarrak

Ainhoa Arteta, rockzale eta underground «Don't give up» lanarekin laburra atera eta lau hilabete eskasera opera kantariari «rockzalea klasikozalea baino garbizaleagoa da» adierazpenak plazaratu dizkio GARAk. Tolosarrak «Ez amore eman» izeneko lana plazaratu zuen azaroan, eta musika «ez jasoetara» hurbildu Nirvana, Guns n´ Roses eta besteren bertsioak kantatuz, «latin jazzetik hurbilago diren konponketekin». Eta sortutako «oreak» ez omen die belarrira ondo jo rock zaleei, kritikei jaramon eginez gero. Horregatik kexu azaldu da tolosar diva, eta sarean Kurt Cobain -Nirvana taldeko kantari zendua- hil izana leporatu diotela-eta, barre ugari egin duela dio (guk gehiago egin genuen, hautatutako kantuak ezagutzean).

«Sweet Child O´Mine» eta «Smells Like Teen Spirit» kantatzera ausartu den Artetak operazaleen kritika espero zuen, «oso exigenteak direlako», baina rockzaleenak entzun behar izan ditu, «erraietatik botatakoak». Ez dira, baina, bertsioak izan rockzaleak amorrarazi dituztenak, tolosarrak adierazpenetan zintzo agertu duen zintzotasun faltak baino: «Libertimenduz egin nuen diskoa, eta merkatu kontu huts bategatik, diskoetxe klasikoek orain ez baitute apenas grabatzen». Azken finean, divoek jakin badakite, operan gutxi batzuek milaka txanpon xahutuko dituztela beraiek entzuteko, baina milaka disko saltzeko «herri xehearengana» jotzea derrigorrezkoa dutela. Eta horretara datoz, besterik barik. Baina akerrak bezala okerrak ditu Artetak; Diok metalzaleen ikur bihurtu zituen adarrak agertu nahi, eta musika klasikoari adarrak jartzera baino ez da heldu. Soprano itzaltsuak ez du «Ez galda erresiñolari karreun aritzea, ez eta zaldiari kantatzea» atsotitza ezagutzen kontizu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo