GARA > Idatzia > Kultura

Kezka komiko-kosmikoak biltzen ditu Karlos Linazasororen lanak

Karlos Linazasorok zentzurik gabeko egoerak, esperpentoa eta kontaketa laburrak ditu gogoko. Hala, kutsu hori eman dio idatzi duen azken nobelan azaltzen den bahiketari. Liburuak «Udalbatza bahituaren kasu polita» du izena, kontraesanez beteriko izenburua.
p041_f01_097x124.jpg

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Karlos Linazasoro (Tolosa, 1962) lanbidez liburuzaina den arren, idazle ofizioa du maiteen eta asko landutako bizimodua du hori; poesia, aforismoa, ipuina eta nobela laburrak idatzi izan baititu; hala nola, «Entzungailua» (2002), «Itoko dira berriak» (2003) edota «Bestiarioa/Hilerrikoiak» (2006), beste askoren artean. Atzo «Udalbatza bahituaren kasu polita» (Elkar) nobela berria aurkeztu zuen.

T. herriko (Tolosa izan litekeena) udalbatza eratzen den egun berean, alkate eta zinegotzi berriak beren karguaren zina egiten ari direla, plazan giza multzo arriskutsu bat agertuko da, zergatia inork ez dakiela. Udaletxean sartuko dira eta eraikuntza eta bertan dauden zinegotzi eta langile guztiak bahituko dituzte.

Bahiketak eragiten duen egoera dramatiko batetik zentzugabekeriara bidaia egingo du nobelak, «polisemiaz, existentziaz eta kezka komiko-kosmikoz» josia dagoen eleberri laburra eratuz. «Polisemia» hitz bakoitzak esanahi bat baino gehiago eta irakurketa bat baino gehiago eskaintzen dituelako. Aldi berean, kezka kosmiko existentzialak azaltzen ditu; izan ere, Linazasorok azaldu zuenez, «nire kezkak agertzeko aitzakia bat da agertutako egoera». «Ez dakit zer gertatzen den liburuan», gehitu zuen tolosarrak.

Udalbatza barruan denetik gertatzen da, batez ere pertsonaien hausnarketak irakur daitezke, ez baitakite bahiketaren aurrean nola jokatu. Protagonista , baina, denen artean argiena eta egoera eta pertsonaiak maneiatuko dituena izango da, Karlos Linazasororen beraren alter egoa dena.

Amaiera ireki batekin eman dio bukaera tolosarrak nobela berriari, eta horrek «beste irakurketa bat» ematen diola uste du. Izan ere, bere ustez, irakurleak ez du jakingo gertatutako guztia ametsa edota paranoia den. «Dena disparate eta esperpento handi bat da», azaldu zuen Linazasorok.

Nobelak antzezlan edota film batek izan dezakeen gidoiaren antzeko egitura duela azaldu zuen idazleak, elkarrizketa ugarik osatzen baitu testua. Ez dio «soberan» zegoen hitzik gehitu, esan bezala, lan laburrak baititu gustuko idazle idazleak. Antzezlanen egitura horrek bere nobela antzokietan ikusteko gogoa piztu dio Linazasorori, baina lan zaila dela jakin badaki.

BAHIKETA

«Udalbatza bahituaren kasu polita» da Karlos Linazasorok kaleratuko duen nobela berria. Bertan T. herriko udaletxean jazotako zinegotzien bahiketa azaltzen du kutsu umoretsu eta ironikoaz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo