Iñaki Petxarroman: «Ekonomia lurraren eta naturaren arauetara egokitu behar dugu»
M. L. | DONOSTIA
«Lurra, zorua bailitzan» (Txalaparta) Iñaki Petxarromanen liburu berria da. Ez da ohiko nobela ordea, ekologiaren inguruan Euskal Herriaren argazkia eskaintzen duen lana baizik. «Euskal Herriaren argazkia ematen saiatu naiz eta irudi hori gogorra da», azaldu zuen kazetari eta idazleak atzo egindako aurkezpenean.
Irudi gogorra deskribatu zuen atzo kazetariak; izan ere, 30 urtetan hirukoiztu egin da errepide bihurtutako lurra, Europa osoan autobia eta autobide kilometro gehientsuen duen herrialdeetako bat da Euskal Herria, 20 urtetan bikoiztu egin dugu pertsona bakoitzak sortzen duen zabor kopurua...
«Ez gara hain onak»
Liburuaren hitzaurrea Iñaki Antiguedad EHUko irakasleak idatzi du eta izenburuak dioenez, «ez gara hain onak». Honi buruz, idazleak esan zuenez, «mundu osoko biztanleek guk bezainbeste kontsumitu eta kutsatuko balute, hiru Lur planeta beharko genituzke», esan zuen kazetariak. «Natur baliabideak agortzen diren mundu batean, inoiz agortuko ez balira bezala jokatzen jarraitzen dugu. Ostrukarena egiteari utzi behar diote agintariek, partxeatzeari utzi behar zaio».
Lantzen den informazioan ikusitako orban sakonek bultzatu zuten liburua idaztera eta, aldi berean, gogoeta eskatzen diet herritar eta agintariei.
Hala ere, jarrera baikorra izateko datuak ere badirela esan zuen Petxarromanek atzo. Izan ere, errauste plantaren aurkako mugimenduak sortzen ari direla azaldu zuen, baita baserritar eta kontsumitzaileen arteko harremana eskatzen duten mugimenduak ere. «Petrolioa amaitzean behar den moduan aurre egingo diogula uste dut», gehitu zuen.