Julen MURGOITIO
Lakuashimako erreaktore ukitua
Ezker abertzale jatorraren eztabaida sakonak magnitude handiko lurrikara sortu zuen, epizentroa sindikatu baten egoitzan kokatu zela. Ondorioz, urtetan metatuz joandako energia politikoak kolpe batean askatu zituen, haize berriak norabide egokian askatu ere. Sortutako lurrikarak desitxuratu ezineko ikara sortu zuen orain arteko Estatua nukleo bakarra dutenen artean. Ondorengo Sortuk tsunamia ekarri du, errematerako, geometria bakarraren aldekoen hondamena areagotuta, eta bide batez han-hemengo hainbat zentralen erraiak ageri-agerian utzita. Itxura batean, Lakuashimakoa izan da ukituena, lehendik itundua zuten erreaktore transgenikoa une batez babesik gabe geratu eta kontroletik kanpo berotzen hasia baitzen, bor-bor egin eta guzti. Hori gutxi izan ez eta erreaktorea ezin hoztu, argindarra eten egin zen eta! Gainera estualdirako sorgailuak ibili ez eta ordezkorik ezin hara eraman ertzainak manifa batean zirelako; manifestari, salbuespenez. Total, kezkatik beldurrera, beldurretik ikarara eta ikaratik izurako bidea ibili zuten aitaren batean erreaktore-maizterrek, indarrean den abiadura-muga berriari batere erreparatu gabe. Zer edo zer egin behar hura epeltzeko, baretzeko bidean epeldu ere
Bitartean, krisi-kabinetea bildu behar. Eta aginduak zabaltzen hasi, kabinete-krisi baten itxura eman ez zezan. Lakuashimatik bueltako hogei bat kilometroko esparruan zirenei etxetik ez ateratzeko agindua eman, Arkauteko eraikin handietakoei izan ezik, honek gozodendetako erakusleihoetako madalenentzako zuen aparteko arrisku ezagunarekin. Tira, harira! Lakuashiman bertan leiho guztiak ondo zigilatzea izan zen momentuko beste neurria, erreaktore barruan Sortu dela-eta sortu diren ñabarduren katalogoa kanpora zabaldu ez dadin. Autokritika gogorra egin behar izan dute Lakuashimako maizterrek; izan ere, honaino inoiz zabaldu ez zen epidemiarako erosiak zituzten milaka aho-maska orain gutxi saldu zituzten, beherapenetan saldu ere, noiz eta erreaktorea larriki berotu baino apur bat lehenago. Horien aurreikuspenekin alderatuta, konfiantza gehiago ematen dute garta-denborek. Tira, berri-agentziek diotenez, argindarra bueltatu eta epeltze bidean da erreaktorea, momentuz. Biztanleak lasaitzeko kanta bat hasi dira maizterrok prestatzen, rap erritmoan, ez galdu letra.