Haur tailerrak eta ikuskizunak, txotxongiloen garrantzia aldarrikatzeko
Arte mota guztiek bezala, txotxongilo antzerkiak ere badu bere nazioarteko eguna, martxoaren 21a. Hori dela-eta, Topic Tolosako nazioarteko txotxongilo zentroak hainbat jarduera antolatu zituen atzo egun hori ospatzeko: haurrek txotxongiloak egiten ikasteko tailerrak, erakusketa berri baten inaugurazioa, Behi Bis konpainiaren txotxongilo antzezlanaren emanaldia eta Julia Otxoa poemagilearen eta Henryk Jurkowski irakaslearen mezuen irakurketa.
M. LARRINAGA |
Nazioarteko Txotxongilo Eguna 2000. urtean sortu zuen Unimak, nazioarteko txotxongiloen elkarteak. Hala, Tolosako Topic zentroak tailerrak, emanaldiak eta erakusketa berri bat antolatuak zituen, atzo ospakizun dotorea egiteko asmoarekin.
Nazioarteko eguna «txotxongiloaren artea aldarrikatzeko eta bultzada bat emateko egiten da», azaldu zuen atzo Idoya Oteguik, Topic zentroko zuzendarietako batek. «Ez dugu ahaztu behar txotxongiloaren mundua gutxietsia izan dela askotan. Antzerkia garrantzitsua da gizartean, aintzatetsia da oso, baina txotxongiloa garrantzi gutxiagoko artetzat hartua izan da, eta batzuek, gainera, mespretxatu ere egin dute. Hori dela-eta, Uniman egun honen beharra ikusten genuen, aldarrikatzeko beharra, eta dagokion tokia aurkitzeko premia ere bai».
Aldarrikapen hori eginez antolatutako jardueren artean, txotxongiloak egiten erakutsi zieten atzo haurrei Topic zentroan prestatutako lantegian. Papera, margoa eta beste hainbat material erabiliz, eskuekin mugitzeko panpina bat eraiki behar zuen bakoitzak.
Colorin eta lagunak
Horrez gain, «Colorin eta bere txotxongiloak» erakusketa ere ireki zuen zentroak. Colorin Madrilgo konpainia batean jaio zen orain 56 urte, eta 2000. urtera arte izan zuen bizia Conchita Momeñeri esker, Colorin panpina maneiatzen zuena. Urtero Iruñea eta kostaldea bisitatzen zituen Colorinek udan, «haurrek irrikaz espero zuten emanaldia; garai hartan ez baitzegoen haurrei zuzenduriko ekimen askorik», esan zuen Oteguik.
Erakusketa Conchita Momeñek zuen material guztiarekin osatu da, Topic zentroari dohaintza egin baitzion. «Bilduma osoa eman zuen. Museoa irekitzean jende askok esan zigun Colorinen falta sumatu zuela, oso pertsonaia kutuna baita, eta Conchitarekin jarri ginen harremanetan, erakusketa bat antolatzeko aukeraz hitz egiteko. Berak ez zekien zer egin bere material guztiarekin, emanaldiak egiteari utzi baitzion, eta hala lortu genuen bilduma. Oso polita izan zen, hil zitzaion senarrak bidali gintuela esaten baitzuen», azaldu zuen zuzendarikideak. Gainera, «honek zentroaren esanahia azaltzen du, ireki genueneko helburu bat betetzen ari garela, gauza horiek guztiak gordetzeko tokia izatea, alegia».
Hala, dekoratuak, atrezzoa, garaiko megafonia eta, noski, txotxongiloek osatzen dute erakusketa; hala nola Colorin, Papirotas erregea edota Patatita amona, beste askoren artean. Gainera, Colorinek egindako hainbat emanaldiren bideoak ere gehitu dira gaur egungo haurrek Colorin ezagutu ahal izateko, eta, bide batez, gurasoek garai haiek gogoratzeko.
Irakurketak
Tailerraz eta erakusketaz gain, Henryk Jurkowski irakasle poloniarrak eta Julia Otxoa poemagileak idatzitako mezuak irakurri zituzten atzo arratsaldean.
Jurkowski Unima elkarteko ohorezko lehendakaria da, eta bera arduratu zen nazioarteko mezua idazteaz. Bertan, txotxongiloen garrantziaz eta mota ezberdinez hitz egin zuen. «Txotxongiloen bildumak kontinente guztietan eta ia herrialde guztietan dira. Bildumagileentzako harro sentitzeko arrazoi dira. Ikerketa tokiak dira, bizirik jarraitzen duen memoria gordetzen dituztenak, eta gure diziplinak duen aniztasunaren froga ematen dutenak», zioen mezuak. «Panpinaren tradizio figuratiboa gure zerumugatik desagertu ez dela argi dago. Eta horrek erreferentzia izaten jarrai dezan nahi dugu», gehitu zuen.
Otxoak, bere aldetik, panpinek duten magiari buruz hitz egin zuen. «Kontatzen dizkiguten istorio liluragarrien bidez, haur eta helduok ohar gaitezke bizitzak baduela magia, poesiaren begietatik egiten badiogu so». «Alegiazkoaren benetako pedagogia dira niretzat txotxongiloak, irudimenarentzako eskola, dibertitzen gaituztenak, irakatsi eta hunkitu egiten gaituztenak eta gure bihotzak enara bihur ditzaketenak. Hori dela-eta, zorioneko izan zaitezte titiriteroak, alaitasuna haur guztiei ekartzen diezuenok, zuen alaitasuna behar dugulako amets egiten jarraitzeko», dio Otxoaren mezuak.
Irakurketen ondoren eta erakusketa ireki baino lehen, Behi Bis antzerki talde donostiarrak 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduriko «Paperezko istorioak» ikuskizunaren emanaldia egin zuen. Izan ere, ez dago Txotxongiloen Nazioarteko Eguna ospatzeko modu egokiagorik. Bertan, panpinak maneiatzen dituen aktore batek papera erabiltzen du mundu ezberdinak sortzeko eszenografia anitz erabiliz. Gainera, goizean egindako tailerra probetxuzkoa izateko, emanaldira txotxongilo batekin azaldutako haur bakoitzak doako sarrera izan zuen.