Ekitaldi jendetsuarekin amaitu dute gose greba Hendaian
Laurehun bat lagunek elkarretaratzea egin zuten atzo goizean Hendaian, Irati Tobar gazte independentistari babesa eman eta euroaginduen aurkako jarrera agertzeko. Azken asteotan ikusi den gisan, gainera, ideologia ezberdinetako ordezkariek egin dute bat deialdiarekin. Gose greba amaitutzat eman badute ere, ekimenek jarraituko dutela iragarri zuten.GARA |
Bere gain euroaginduaren mehatxua duen Irati Tobar gazteari babesa emanez, eta neurri judizial horren aurkako ekimen gisa azken bi asteotan egin duten gose grebari amaiera emanez, ekitaldi jendetsua egin zuten atzo Hendaian. Goizeko hamaikak emateko zirenean, ordu erdi lehenago Irundik abiatu zen giza katea Hendaiako herriko etxearen atarira iritsi zen. Aurrean, gose grebaren ikur gisa ur botila erraldoi bat zeramaten; txaloka eta suziriekin eman zieten ongi-etorria Hendaian zeudenek.
Herriko etxearen atarian zeuden azken bi asteotan Hendaiako Autoport-eko gelan gose greban izan diren Irati Tobar gazte independentista eta Iker Elizalde eta Xabi Irigoien hautetsiak. Eskaileretan Euskal Herriko hautetsi ugari jarri ziren, gose grebalariekin batera, frantsesez «Eskubide zibil eta politikoen alde. Euroaginduei ez» zioen pankartaren atzean.
Portugaleteko gazteak esker ona agertu zien familiari, herritarrei eta Izpuran zein Hendaian sostengua eman dieten hautetsiei; bereziki PSko Kotte Ezenarroren Hendaia Anitza udal taldeko hautetsiei. Era berean, eskerrak eta animoak eman zizkien egunotan Euskal Herrian zehar euroaginduen aurka gose greban egon direnei edo bestelako ekimenak egin dituztenei eta gazte independentista guztiei. Euroaginduen mehatxuen aurrean jarrera hartu ez dutenei ere mezua bidali zien Irati Tobarrek. Jarrera horrekin, «ilegalizazioaren estrategiarekin bat» egiten ari direla egotzi zien, eta eskubideen defentsa denen arazoa dela nabarmendu zuen. Euskal Herrian prozesu demokratiko berria abiatu denean, estatu espainol zein frantsesak daramaten estrategia ez daitekeela onartu esan zuen.
Iker Elizalde hautetsiak, bestalde, «gazte independentistekin harro» daudela agertzearekin batera, hauek «`loboto- mizatu' gabeko gazteak izanda, burutu beharreko ideiak» dituztela defendatu zuen. Hemendik aurrera ere euroaginduen aurkako dinamikak jarraituko duela iragarri zuten.
Hala, herriko etxearen atarian Filipe Aramendi, Beñat Elizondo, Therese Halsouet, Jeff Betdebere, Lutxi Oxandabaratz, Peio Gaskon, Tomas Karrera eta Miren Legorburu hautetsi abertzaleak ageri ziren, baita ezker abertzaleko Tasio Erkizia ere. Beraiekin ziren PSko Kote Ezenarro, Yvette Dubarbieux Donibane Lohizuneko PCFko ordez- karia, Alize Leizeagezahar Europe Ecologie taldeko eskualde kontseilaria eta Jean Christophe Haranboure eta Patrick Pena Biriatukoak, esaterako.