Gernika, euskaraz bizi nahi duen herriaren ahotsa eta erakusleihoa
Gernikan jai giroan ospatu zuten atzo ehunka euskaldunek euskaraz bizitzeko egin duten hautua. Ekitaldi ugari antolatu zuten auzolanean Euskal Herrian Euskaraz-ek eta herriko zein eskualdeko taldeek. Oso balorazio ona egin zuten arrastian, izandako parte-hartze handiagatik eta sortutako giro politagatik. Aldarrikapena ere izan zen. Esan zutenez, «asimilazioari aurre egiteko garaia dugulako, behar dugu izan euskaldun eta burujabe».
Nerea GOTI |
Euskaraz Bizi Eguna ospatu zuten atzo Gernika-Lumon, «Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe» Donostian izan zen manifestazioaren leloari jarraipena emanez, eta erantzun ezin hobea izan zuen deialdiak, antolatzaileen esanetan.
Goizetik hasita, parte-hartze handia izan zen, eta giro polita sortu zen Pasealekuaren inguruan. Ekitaldi ugari prestatu zuten goizetik gauera, adin talde guztietara begira eta zaletasun askotarikoak kontuan hartuta.
Euskal Herrian Euskaraz (EHE) erakundeak egin zuen deialdia, baina Gernika-Lumoko eta Busturialdeko eskualdeko hainbat talderen laguntza izan zuten antolakuntzan. Izan ere, Igone Lamarain EHEko kideak nabarmendu zuenez, auzolanean prestatutako jaia izan zen atzokoa. Hori bultzatu nahi zuten eta balorazio onaren arrazoi nagusietako bat da, euskaraz bizi nahi duten hainbat eragile ibili direlako auzolanean eta elkarlanean jaia prestatzen eta gozatzen.
Arrasti partean, GARAri adierazi zionez, pozik zeuden parte-hartze handia ikusita eta sortutako giro onagatik. Iparragirre Rock taldearen musika tailerra, Inpernu Eskalada taldearen ekarpena, eskualdeko bost sokatira taldeen arteko neurketa edota 400 lagunetik gora bildu zuen bertso bazkaria nabarmendu zituen, besteak beste.
Era berean, mendi taldeak eta Berbalagun ekimenak elkarrekin antolatutako mendi martxa aipatu zuen. «Oso urrats handia da, gure mezua euskaraz bizitzeko hautua egin dutenena delako. Euskaraz bizitzeko euskarari lehentasuna eman behar diogu maila guztietan, baina azpimarratu nahi dugu gutariko bakoitzak euskaraz bizitzeko hautu hori egin behar duela, ez jakitetik ikastera, jakitetik erabiltzera, egunero euskarari lehentasuna ematera. Oso inportantea da euskara ikasten duten horiek pauso hori ematea».
«Sasi guztien gainetik»
Jai giroan ospatu zuten Euskaraz Bizi Eguna, baina euskaraz bizitzeko, egun hainbat traba gainditu behar dute hautua egin dutenek. «Gauza askotan aurrera egin dugu, baina maila politikoan, juridikoan, ez gara burujabe, eta maila sozialean atzera- pausoak emateko arriskuan gaude», azaldu zuen Igor Orue EHEko kideak ekitaldian.
«Sasi guztien gainetik, euskaraz bizi» leloa izan zuen arrastiko manifestazioan, egungo errealitatearen irakurketarekin batera, erronkak eta aldarrikapenak jorratu zituen EHEk.
Burujabetzaren beharra mezuaren zutabe nagusietako bat izan zen. «Euskaraz bizitzeko bidea herri moduan egin behar dugu, menpekotasuna gainditu eta bidea bertatik bertara egiteko eskubidea behar dugu horretarako. Herriak euskaldun eta burujabe behar du izan», azaldu zuen. Hala ere, euskaraz bizitzeko hautua norberak egin behar duela zehaztu zuten. «Herriak euskaraz bizitzeko erabakia hartzeko, guk ere hartu behar dugu. Guri ere dagokigu euskaldun eta burujabe izatea».