GARA > Idatzia > Kirolak> Bilbao Basket

Kanarietan garaipena lortzea zer den jakin guran

Belarrondokoak ez dira hartzekoak bakarrik izaten

Sei aldiz jokatu eta sei aldiz egurra jaso du talde bilbotarrak Kanaria Handiaren kantxan. Irabaziz gero, play offetara sartzeko urrats bat emango lukete Katsikarisenek, baita aurreneko itzuliko porrota mendekatu ere.

p046_f01.jpg

Arnaitz GORRITI I

Belarrondokoak hartzeko ez ezik, emateko ere badira. Hala, Kanaria uharteetan behingoz irabazi egin nahi du Bizkaia Bilbao Basketek. Fotis Katsikarisen hitzetan, «play offetan sartzeko aurkari zuzena da Kanaria Handia, eta irabaziz gero, urrats itzela emango genuke».

Hamabost garaipenekin, bosgarren postuan dira bilbotarrak, baina Kanaria Handia bertan dute: bederatzigarren lekuan; hots, uneotan play offetatik at legokeela, bi garaipen gutxiagorekin. Bestela ere Kanarietan irabaztea zaila bada, gaur eguerdian -Euskal Herrian 12.30ak direla- ez da berriketarik izango.

Horrez gain, aurreneko itzuliko porrota ordainarazi nahi diete beltzezko gizonek Kanaria Handiari. Joan den abenduaren 4an, aire kontrolatzaileen grebak bete-betean harrapatu zituen kanariarrak eta jokatzeko erroparik gabe iritsi ziren Bilbora. Partida bertan behera geratzeko zorian egon zen, baina azkenean beltzezko gizonen bigarren uniformearekin -zuriz- jokatu ahal izan zuten Pedro Martinezen mutilek, eta 72-75 nagusitu ziren, Carroll, Green eta Xavi Rey-ri esker. Erdi brometan erdi serio, ez dago jakiterik kanariarrek hobeto jokatu zuten ala esker txarreko hutsak izan ziren.

Gurutze-bide baten kronologia

Horrez gain, Kanarietako kirol zentroa -«Harkaitza» izenaz ezagutua- leku madarikatua da Bilbao Basketentzat, sei aldiz jokatu eta denetan galdu du. ACB Ligara iritsi zirenez geroztik, sei bider jokatu dute han eta sei belarrondoko eraman dituzte bizkaitarrek. Palau Blaugranan ere beti atera dira galtzaile, baina ez halako egurra jasota. Hona hemen gurutze-bide horren kronika.

Hernandez-Sonseca borrero. 83-58ko emaitza izan zuen bilbotarrek «Harkaitzean» jaso zuten aurreneko porrotak. Gaur egun beltzez janzten den Edu Hernandez-Sonseca izan zen orduko Txus Vidorretaren taldearen borrero, 21 puntu eta 8 erreboterekin. Halako egurra jasotzea salbuespena baino, ohikoa bihurtu zen hurrengo urteetan.

Liga estreinaldi gogorra. Ezin okerrago ekin zion Bilbao Basketek 2005/06 denboraldiari, 85-64 galdu baitzuen. Adam Harrington hegalekoak 24 puntu sartu zituen kanariarren alde, eta ez zuen aurkarien artean erantzunik aurkitu, Javi Salgadoren 13 puntu eta 7 erreboteak baino.

38-20ko partzial hura. Hirugarrenean ere sekulako belarrondokoa jasota itzuli ziren etxera bizkaitarrak: 71-55. Aurreneko laurdena 14-16 aurretik amaitu arren, hurrengo 20 minutuetan 38-20 partziala jaso zuten eta hantxe joan ziren bilbotarren aukerak. Jim Moran eta Mario Fernandez nahi bezala aritu ziren.

Hirugarren laurden eskasa. Handia da, baina 12 puntuko aldea izan da Bilbao Basketek jaso duen txikiena: 86-74. Atsedenaldira berdinduta iritsi ziren Vidorretarenak, 31-31, baina English, Moran eta Caner-Medley-k hirugarren laurdenean partida leherrarazi zuten. Nola eman buelta 31-20ko partzial bati?

«Ehun nahi ditugu!» Ehun puntura iritsi ezinik geratu zirela-eta -99-80 amaieran- penatan ziren Kanaria Handiko zaleak. Bilbotarrak atsedenaldian lozorroan ziren artean, eta ordurako 57-39 nagusi ziren etxekoak. Guardiak 24 puntu egin zituen desabantaila lotsagarria ez izatearren behintzat.

Katsikarisek ere ezin. Fotis Katsikaris 2009ko azaroaren 22an joan zen Bilbao Basketeko entrenatzaile gisa Kanaria irletara... eta 98-78 galdu zuen. Jaycee Carroll-ek 25 puntu lortu zituen, eta bizkaitarrek 23 baloi galdu zituzten, beste belarrondoko batekin etxera itzultzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo