GARA > Idatzia > Kultura

Estitxu Arozena, Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalerako bigarren sailkatua

GARA |

Nafarroako Bertsolari Txapelketak atzo egin zuen Leitzako zineman aurtengo lehiaketako bigarren finalerdia. Berrehun lagun inguru bildu ziren atzo arratsaldean dozena erdi bertsolari nafarren lanak ikusteko. Antolatzaileek esandakoaren arabera, saioak ez zuen berebiziko argirik izan, nahiz eta bertsolarien arteko presioa eta lehia nabariak izan ziren. Hala, bertso-borroka horretan garaile Estitxu Arozena izan zen (408 puntu) eta berak lortu zuen, beraz, apirilaren 9an Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatuko den finalerako zuzeneko txartela. Pasa den astean argitu zen, Berako kultur etxean egindako lehen finalaurrekoan, finalerako lehen sailkatua nor izango zen. Jon Barberenak jaso zituen puntu gehien, beraz, bi horiek dira, momentuz, finalean ziur izango diren bertsolarietako bi.

Atzokoan, Migel Mari Elosegi Luzek etxean garaipena lortzeko aukera izan bazuen ere, azken postuan amaitu zuen saioa (357,5). Bigarren postua Xabier Terrerosentzat izan zen (382); hirugarrena Ander Fuentes Itturrirentzat (379); laugarrena Iñigo Olaetxearentzat (371,5); eta azken-aurrena Josu Sanjurjorentzat (365,5).

Lehia ez dago oraindik amaituta, ordea. Datorren larunbatean Elizondoko Lur aretoan (17.30) jokatuko den azken finalaurrekoaren garaileak finalerako zuzeneko txartela lortuko du, eta fase honetan puntuaketarik onenak izan dituzten bertsolarien artean erabakiko da nortzuk izango diren txapelketako gainerako finalistak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo