GARA > Idatzia > Ekonomia

Luxat enpresako lanpostuen defentsan kalera irten dira Hazparnen

300 lagun elkartu ziren atzo Hazparnen Beskoitzeko Luxateko -lehen Paregabia- langileei sostengua adieraziz. Larruzko oinetakoak egiten dituen enpresak jabe berria izango du eta langileak beldur dira ez ote dituen lanpostuak murriztuko, edo lantegia Tunisiara aldatuko.

p026_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Egun bizi duten egoera salatzea zen LABek deituriko mobilizazioaren zioa. Izan ere, luxuzko oinetakoak fabrikatzen dituen lantegia erosteko eskaintza jaso zuen Auzitegi Administratiboak joan den otsailaren 29an.

Abenduaz geroztik esku-hartze judizialpean dagoen Lapurdiko enpresan lanposturik ez zela galduko aurretik agindu bazieten ere, Beskoitzen 50 langile inguru eta Landetako beste lantegian beste 13 mantentzera engaiatu da soil-soilik balizko eroslea. Horrenbestez, gutxi gorabehera, 35 lanpostu galduko lirateke. Jarduera bera ere aldatuko litzateke, erosle berriak larrukigintza eta esku-zorroak fabrikatzeko asmoa baitu.

Etorkizun ilun horren aitzinean eta Luxateko zuzendaritzak fabrikazioa Tunisiara lekualdatuko ote duen susmoak gero eta nabariagoak direlarik, langileak mobilizazioak egiten ari dira, tartean, atzoko manifestazioa.

Diru laguntza publikoak

Orain hiru urte, Paregabia enpresa erosi zuenean, Luxatek diru laguntza publikoak jaso zituen instalatzeko. Besteren artean, Paueko Kontseilu Nagusiak 160.000 euro eman zizkion.

Horren harira, Juliette Bergouignan eta Xebax Christy, Hazparne eta Bastida kantonamenduetako EHBaiko hautagaiek «inarrosiak» daudela esan zuten. «Herritarren zergetatik emandako diru publikoen erabilera» ez dela kontrolatzen salatu ostean, Kontseilu Nagusiak hor duen ardura nabarmendu zuten. Zehazki, Beñat Inchauspe eta Jean Casteings egungo kontseilariei (hautagaiak ere badirenak) eskatu zieten, Luxatek diru laguntza horiek zertan erabili dituen egiaztatzeko, eta hitzarmena bete ez balu, diru hori itzul dezala behartzeko.

Oldartu kolektiboak ere bat egin zuen mobilizazioarekin. Bertan geratzen den zapatagintzako enpresa bakanetakoa delarik, fabrikazio jakintza hori eta lanpostuak galtzeko arriskuaz ohartarazi zuen. Gainera, «enpresak deskapitalizatu eta lanpostuak deslokalizatzen dituzten enpresarien» eta «kontrolik gabe» diru publiko ematen dieten erakundeen jokamoldea gogor salatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo