GARA > Idatzia > Euskal Herria

ZIENTZIA | IKERKA

Dibertsioa bai, ikasketa ere bai

 

p020_f04.jpg

Maite MORENTIN

Bilboko Irakasle Eskolako irakaslea

Kimikan lizentziaduna, Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolako irakaslea da. Tesia aurkeztu berri du eta bertan ikasleek zientzia museoetara egiten dituzten irteerak ahalik eta emankorrenak izan daitezen bideak zehaztu ditu. Irakasleen eta museoen arteko elkarlan oinarrizkotzat jo du.

Maider EIZMENDI

Ez du interesgune berria; izatez, azken hogei urteetan beste lankide batzuekin batera zientzia museoen inguruan aritu da lanean, hasiera batean Bilbon egitekoa zen proiektuaren harira. «Guggenheim kokatu eta proiektu hura ez zen gauzatu; Donostian jarri zuten Zientziaren Kutxaespazioa», gogoratu du Maite Morentin Bilboko Irakasle Eskolako irakasleak. Denbora pasa eta ez zaio, ordea, gai hau jorratzeko grina itzali eta «doktore tesia egin gabe» zuenez, uztarketa lana egin du, Zientziaren Kutxaespazioa ardatz hartuta. Aurkeztu berri duen «Zientzietako museo interaktiboak baliabide didaktiko gisa Lehen Hezkuntzako irakasleen hasierako trebakuntzan» lanean «bisiten errendimendua hobetzea» izan du helburu.

Bide horretan Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen jarrera aztertu du eta ondorioztatu du irakasleek, oro har, ez dutela prestaketa lan handirik egiten eta «museoko gidarien esku» uzten dutela bisita bera. «Eramaten dugu zaldia erreka ondora, baina gero edatea bere kontua da; gure kasuan, egarria piztea dagokigu irakasleei».

Argitu nahi izan du, hala ere, bere helburua ez dela haien jarrera besterik gabe epaitzea, «irakasleak maiz oso baldintzatuta baitaude», bide horretan aurreratzeko baliabideak ematea baizik. Unitate didaktikoak dira, bere ustetan, horretarako baliabide erabilgarria. Hala, Zientziaren Kutxaguneko edukiei lotuta «Indarrak ekinean» izeneko unitate didaktikoa diseinatu du eta bere ikasleen artean ezarri eta aztertu du. Informazioa bilatu eta aztertzeko eta esperimentaziorako jarduerak batu ditu eta unibertsitateko ikasleek ikaskuntza-saioen bidez inplikatu behar izan dute.

Eskola irteeren ikuspegi ludikoa ezin dela galdu nabarmendu du Morentinek, baina horretaz gainera ikasketa bilatu behar da: «Biak uztartzen jakitea da gakoa». Horretan biak, museoak eta irakasleak esku hartuta joan behar dute, tesian ondorioztatu duen moduan.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo