GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Nuklearrik? Bai, mila ala milioi bat!

Sistema bera zalantzatan ipintzen ez bada, sistemari eusteko energia premiak ezin zalantzatan ipini. Planeta mugatuan hazkunde mugagabea defendatzen duena edo zoroa edo ekonomista da ezinbestean

Fukushimako zentralak, itxura batean, energia nuklearraren eztabaida ekarri du berriro ere denon ahotara. Itxura batean diot, nuklearrez han-hemenka hitz egiten ari bada ere, funtsezko auzia ez baita ukitzen. Hizpidea ez da energia nuklearra bere horretan: behar dugun ala ez, apustua den ala ez, onura ala hondamena dakarkigun. Bozgorailu mediatikoetan hitza daukan inork ez du zalantzatan ipintzen energia nuklearra beharrezkoa dugunik. Aitzitik, aginte ekonomiko eta politikoan daudenak eztabaida segurtasun neurrietara bideratu eta murriztu dute.

Jakintzat hartzen da momentura arte erabili izan dugun energia merkea (erregai fosilak, alegia) agortzen ari dela. Hortaz, momentuko ereduari eusteko, orain bizi garen bezala bizitzen jarraitzeko, erregai fosilak beste energia mota batzuek ordezkatu behar dituztela onartzen da, berez eta kontrako iritzi barik.

Erregai fosilak ezinbestekoak izan ziren kapitalismoaren garapenerako. Ondasunak masiboki ekoizteko eta garraiatzeko modu merkea dira eta sistemaren garapenean sekula mugarik izango ez zela irudikatzeraino heldu zen. Gero eta produktu berri gehiago sortzeko; eremu erresidentzialak gero eta urrunago eraiki eta garraio publikoari muzin egiteko -Ameriketako Estatu Batuetan bezala-, gero eta kotxe eta gasolina gehiago saltzeko...

Txina eta India sartu dira orain jokoan. Hainbesteko produkzioa sustengatzeko arazoak sortuko zirela jadanik aurreikusten bagenuen, orain askoz beltzago dago dena. Energia «mix» bat behar dugula esaten digute. Hau da, erregai fosilekin batera, energia berriztagarriak eta nuklearra, eta zentzu bitan planteatzen da: alde batetik, potentzia ekonomiko bakoitzak (eta honetan Europa ulertu behar dugu potentzia moduan eta ez osatzen duten herrialdeak) bere konpetitibitatea handitu nahi du; ez ekoizpen mailari eusteko, baizik eta ekonomikoki hazteko, ekoizpen maila handitzeko; beste alde batetik, potentzia bakoitzak autosufizientzia energetikoa bermatu eta kanpo mendekotasuna murriztu behar du, konpetitibitate horren izenean.

Denon hazkunde ekonomikoa bilatzen dutela saltzen digute, gehiengoari hilabete amaierara heltzea gero eta gehiago kostatzen zaion bitartean. Era berean, energia premiak gure onurarako ase behar direla esaten digute, Estatu espainoleko multinazionalek tarifak igo eta milaka milioi euro poltsikoratzen dituzten bitartean (Repsol 4.693, Endesa 4.129, Iberdrola 2.870). Orain nuklear gehiago eraiki nahi izango dituzte, seguruak direlako (Fukushimak ez du eztanda egin, iupi!), enplegua sortzen dutelako, garbiak direlako eta bertako langileek rapeatu egiten dutelako. Euskal Herrian badakigu zergatik esan diegun «ez, eskerrik asko!».

Parametro hauetan kokatzen badugu eztabaida, argi dago nuklearrak behar ditugula, ez bat edo bi, mila edo bi mila, edo milioi bat gutxienez. Sistema bera zalantzatan ipintzen ez bada, sistemari eusteko energia premiak ezin zalantzatan ipini. Planeta mugatuan hazkunde mugagabea defendatzen duena edo zoroa edo ekonomista da ezinbestean. Zita ez da nirea, ez pentsa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo