GARA > Idatzia > Mundua

Libiak itzala egin die AEBetako eta Latinoamerikako erlazio ahulduei

Latinoamerikan bost egunetan egindako bisita ofiziala amaituta, Washingtongo bidea hartu zuen herenegun Obamak. Kasik oharkabean pasatu dira, ordea, han igarotakoak; harremanak sendotzeko ia neurririk ez aurkezteaz gain, Tripolira so egon baita AEBetako estatuburua.

GARA |

Aro berri baten irekieraren argazkia atera nahi izan zuen Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak Latinoamerikara egindako bidaia ofizialean, aspaldi antolatutako itzulia baitzuen azken bost egunetan Brasil, Txile eta El Salvadorren egindakoa; halakorik ez du jasoko, ordea, bere erretratu bildumak. Dozenaka urtez bi komunitateen artean gaiztotuak egon diren hartu-emanen sendagarri izan beharko lukeen bidaia, adabaki bat besterik ez baita izan Obamaren agenda politikoan.

Izan ere, nazioarteko politikarentzat ardura handiagoko auziak zituen esku artean, azken asteetan Muammar Gadafiren Libian krisi larria eragin duten istiluak, kasu; Etxe Zuriak berak aitortu duenez, nazioarteko tropek lurralde libiarrean zabaldua duten oldarraldiaren gorabeherez zehaztasunez uneoro informatu zezatela galdegin zuen AEBetako estatuburuak, baita bere homologoekin batzartuta bazegoen ere. Agendan jasotako ekimen ofizialak moldatzera ere iritsi zen, aurreikusitakoa baino bi ordu lehentxeago hartu baitzuen Washingtonerako itzulera bidea.

Latinoamerikako mandatariak horren jakitun ziren, nolabait. Eta euren ezinegona, nola hala, Obamari berari ere jakinarazi zioten. Brasilgo presidente ohi Luis Inazio Lula da Silvak, esaterako, ez zuen egungo estatuburu Dilma Rousseffek Obamaren omenez atondutako hamaiketakoan parte hartu. Ezagunak dira aspaldian bi agintarien arteko talkak, baina bisita ofizialean egindako mespretxu imintzio horrek, are zailago egin dio gerturatze bidea Obamari.

Etorkinen geroa, erabaki gabe

Presentzia ekonomiko eta politiko agerikoagoa izan nahi du Obamak Latinoamerikan. Nabarmena da azken horrek ekialderantz jotzeko izan duen joera; Txinara, batik bat. Eta halakorik ez du nahi, noski, Washingtonek.

Azken bost egunetan ez dute norabide horretan ipintzeko taxuzko proposamenik egin, ordea. Segurtasunerako nazioarteko programa bat aurkeztu zuen herenegun Obamak, besteak beste, El Salvadorren, hango presidente Mauricio Funes alboan zuela. 200 milioi dolarreko (140 milioi euro) funtsa osatuko dute azken aspaldian Latinoamerika gogor astintzen duen «narkotrafikoaren aurka borrokatzeko».

Alabaina, horrek herrialdeen arteko limiteen gaineko kontrol zorrotzagoa ere ekarriko du, egunez egun muga zeharkatzea hautatzen dutenen kalterako. Hain justu, Obamak etorkin politikaz zer esan, horrek biltzen zuen bisita horretan jakin-min handiena, baina arlo horretan erreforma integral bat egitearen beharraz besterik ez zen mintzatu agintaria San Salvadorren, ur handietan sartu gabe. AEBetan 220.000 inguru salvadortarrek gozatzen duten Aldi baterako Babes estatusaz mintzatzea saihestu zuen, esaterako, eta ez zuen AEBetako Kongresuan horren polemikoa den gaia nola kudeatuko duen azaldu.

TXILE

Historian mugarritzat jotzen zuten adituek Obamak Santiagon eskaini behar zuen mintzaldia. Pisuzko gaiak saihestu egin zituen, ordea, eta zabaldutako mezua edukiz hutsaltzat jo zuten ondoren egindako balorazioetan.

Oscar Romero apezpikuaren hilobian izan da Obama

Segurtasun neurri zorrotzak tarteko, El Salvadorko gerra zibilaren garaietan militarrek hildako Oscar Arnulfo Romero apezpikuaren hilobia bisitatzen izan zen herenegun Barack Obama AEBetako presidentea. Keinu horren bidez, 1980tik 1992ra iraun zuen gerra zibilean hildako 75.000 lagunak gogoratu nahi izan zituela azpimarratu zuen AEBetako agintariak, El Salvadorko presidente Mauricio Funes ondoan zuela; kandela bana piztu zuten biek, hildako bakoitzeko «errespetu eta otoitz» gisa. «Gerra eta errepresio sasoi batean, bere bizitza demokraziaren eta giza eskubideen defentsan eman zuen nazio heroi bati egindako omenaldia da hau», zehaztu zuen. Gidari eta bidaide izan zuten gorazarre horretan egungo apezpikua ere, Jose Luis Escobar Alas.

Duela 31 urte hil zuten Romero San Salvadorko Divina Providencia ospitaleko kaperan elizkizunetan ziharduela, bularrean jo zion tiro batez. Romero oso ezaguna zen injustizien aurka erakutsitako jarrera eta irmotasunagatik; militarrei eurei errepresioa eteteko eskaera egina zien bera hil baino egun bat lehentxeago, bidegabekeria askoren testigu izana baitzen. Gerra garaiko krimenak ikertzeko osatu zen Egiaren Batzordeak zehaztu zuenez, «zantzu oso agerikoak daude» hilketa militarrei egozteko. GARA

BRASIL

Zinelandia plazan, 40.000 lagunentzako diskurtsoa eskaini behar zuen hasiera batean Obamak. Hainbat manifestaziok, baina, planak aldatzera behartu, eta hitzaldia 2.400 pertsona besterik sartzen ez ziren areto batera aldatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo