GARA > Idatzia > Kultura

Urdaibaiko etorkizunaz eztabaida zabalagoa sustatu nahi du EHUko Kritikarea plataforma berriak

EHUko sei irakaslek sortu duten Kritikarea plataformak antolatuta, «Paisaia kritikoak. Urdaibaitik abiatuta: artea, natura eta pentsamendua» nazioarteko mintegia abiatu dute Bilbon.

p042_f01_97x68.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Urdaibaiko eskualdea suspertzeko azken urteetan instituzioetatik edo Guggenheim bezalako marka pribatuetatik proposatu diren proiektuetan bertoko adituen iritziak izan duen presentzia murritzak bultzatuta, Euskal Herriko Unibertsitateko arlo ezberdinetako sei irakaslek Kritikarea plataforma sortu dute. Fernando Golvanok, Xabier Lakak, Aitor Aurrekoetxeak, Fernando Bajok, Jabier Elorriagak eta Iñigo Sarriugartek osatzen dute taldea eta eztabaida publikoa sustatzeko asmoz antolatu dute «Paisaia kritikoak. Urdaibaitik abiatuta: artea, natura eta pentsamendua» nazioarteko mintegia. Atzo eta gaur Bilboko EHUko paraninfoan gauzatuko da eta apirilaren 7an Gernikako Elai-Alai aretoan egingo dute azken saioa.

«Lehenengo topaketa-laborategiak bilakaera etengabea izan dezakeen Euskal Hiri demokratikoa eta jasangarria bultzatzea du helburu, deliberazio kritikoa eta lankidetzaren bidez», azaldu zuten. «Honelako proiektu garrantzitsu batek sortu dituen posizio kontrajarrien aurrean, gauzatu beharreko eztabaida askoz ere zabalagoa izan beharko litzateke, ezin dute instituzioek eta marka pribatuek monopolioa eduki», esan zuen Golvanok.

Izan ere, atzo aitortu zutenez, adibide gisa Bizkaiko Diputazioak «gastatu dituen milioiak eta milioiak, nazioarteko adituetara bideratu beharrean, arlo bakoitzeko bertako jakitunen iritzia ezagutzera bideratu izana gustatuko litzaiguke», esan zuen Galvanok. «Sorpresa izan zen halako erabaki batek bertako hain jende gutxiren ikuspegiarekin aurrera egitea».

Talde autonomoa direla azpimarratu zuten eta oraindik airean dagoen Lakuak proposatutako bienal formatuak ez ditu guztiz konbentzitzen, nahiz eta talde barruan iritzi ezberdinak egon.

Mintegian ikuspuntu ezberdin ugari ezagutzeko aukera izango da eta arlo askotako gonbidatuak izango dira bertan. Atzo Roser Battlori Gironako Unibertsitateko irakaslea, Berta Sichel Madrilgo Reina Sofia museoko ikus-entzunezkoen departamentuko zuzendaria eta Jon Thackara sorkuntza, diseinu jasangarri eta hiri gaietan aditua izan ziren hizlari.

Gaur, Ricardo Anton, Maider Lopez eta Fernando Bajok hitzaldia emango dute goizean. Arratsaldeko hitzaldiak, berriz, publikoak izango dira. 16.00etan, Perejaume artista bisualak hitz egingo du eta 18.00etatik aurrera, Maria Hellström artista eta Diseinuaren praktika eta teoriaren irakasle suediarraren txanda izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo