GARA > Idatzia > Mundua

Ur eskasiak areagotu egin du Tokioko gurasoen larritasuna

Egoera kezkatzeko modukoa izan da orain arte Japonian, eta azken orduetan ez du hobetzeko itxura handirik hartu. Erradioaktibitateak jakietan eragin izanak alarma guztiak piztu ditu; ura edateko murrizketak direla eta, gurasoek kezkaz begiratzen diote euren haurren elikadurari. Larritasunak mugak gainditu ditu, atzerrian ere hasiak baitira prebentzio lanetan.

p026_f01_148X104.jpg

Ainara RODRIGUEZ

Hiru urteko alaba beso artean babestuta, dozenaka metro luze den ilararen azken muturrean dago Kazuko Hara. Ez du kezka aldartea ezkutatzen. Ez da gutxiagorako; gaur ere ez baitaki alabari jaten eta edaten emateko ezer izango ote duen. Negar zotinka hasteko puntuan dago, alabaren begi urratuei begira jarri denean: «Adituek adierazten dute ez dagoela ikaratzeko motiborik. Baina, era berean, ez dute azalpen bat bera ere ematen. Entzundakoak entzunda, gainera, egoera kezkatzekoa da oso», azaldu du. Goitik behera, buruarekin arrazoia ematen dio gibelean duen Yukari Miyazakik: «Galduta gaude, nora ezean. Haurrei urik ez emateko agintzen digute, baina urik gabe, ezin dugu haientzat esnerik prestatu. Nola ez gara, ba, arduratuta egongo?».

Iturriko urari ohikoa ez den erradiazio-tasa antzeman izanak larritasuna, baina batik bat egonezina eraman ditu Japoniako hiriburura, Tokiora, Gobernuak ezarri dituen neurri murriztaileak argiak baitira oso: hiru urtetik beherako haurrentzat debekatuta dago iturriko urik ematea ¯botilatik zuzenean ez bada¯, eta hainbat produktu freskoren merkaturatzea ere galarazi egin du, tartean, zenbait arrain eta barazki. Tokio zein periferiako hainbat aita-amek ohartarazi duten legez, hortik aurrera aukera gutxi geratzen zaizkie euren seme-alabak elikatzeko. «Oraindik ez dakigu ziur ur horretan dutxatu edota txikien arropak garbitu ahal ditugun ere... », kexatu da Kazuko.

Esplikatu duenez, Gobernua banatzen ari den ur-botilen esperoan dago ilaran -240.000 botila banatu dituzte honezkero-. Ez dute bakoitzarentzat askorik banatzen, ordea; hiru botila ur, urtebetetik beherako haurren bat duten familientzat. Kazuko ernegatuta dago, horrekin ez duelako egun eta erdirako apenas egiten: «Nork esaten digu hau epe laburrean konponduko denik?».

Egoera bere horretan kezkatzeko modukoa bada, are larriagoa da ur-botilak urritzen ari direla kontuan hartuta. Supermerkatu eta azoketako apalak hutsik ageri dira neurri murriztaileak ezarri direnetik bi egun eskasetara, eta ur botilaratze enpresek ere ez dute gehiagorako ematen. Urre preziatuaren pareko bilakatu da ura Japonian ordu gutxian; bada Interneten bi litroko botilak 18.800 yen-en (164 euro) truke saltzen dituenik ere. Eta dendetan zorrotza da mandatua: botila bana pertsonako, gehiago ez.

Horrela jarraitzekotan, muturreko neurriak hartzera behartuta egongo da Naoto Kanen Gobernua; atzerritik ura inportatu behar izatera, esaterako. Yukio Edano gobernuko bozeramailearen hitzetan, momentuz baztertu egin dute aukera hori, uraren zesio eta iodo kantitateak artean oso larriak ez direlakoan. Baina, lasaitasun hitzak adierazten ahaleginduta ere, herriak erreguka eskatzen dio Gobernuari behar besteko neurri har ditzala. «Gure osasunaz ari gara. Kasik hiru aste pasa dira lurrikaratik. Neurriak nahi ditugu berehala», aldarrikatu du bere etxetik alde egin behar izan zuen Tsutomu Hirayamak.

Murrizketak atzerrian ere

Kezka ez da soilik Japonian agerikoa. Martxoaren 11ko dardarizoaz geroztik, mundu osoa baitago han zer gertatzen ari den erne. Erradioaktibitateak jakiei kaltetu izanak alarma gorriak piztu ditu herrialde barruan zein kanpoan, eta nazioartean ere hasiak dira dagoeneko prebentzio neurriak egokitzen. Ameriketako Estatu Batuak izan ziren lehenak, seguruak izan bitartean, hango produktuak inportatzeko debekua ezarrita. Azken orduetan, alabaina, Australia, Kanada eta Errusia ere gehitu dira zerrendara.

Itsas produktuak erosten dizkiete, batik bat, Japoniari, arraina eta mariskoa; hain justu, gai horiekiko kontrolak indartu egin zituen atzo Japoniako Osasun Ministerioak. Horrek eragina izan du Txinan, Taiwanen, Singapurren zein Thailandian ere, alga-belarren ohiko kontsumitzaile izanik, kontrol bereziak ipini behar izan baitituzte prebentzio neurri gisa.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo