GARA > Idatzia > Kirolak

BELAR HOCKEYA Gaur hasiko da Kopa Terrassan

Ligako emaitza bikainak errepikatu nahi ditu Realak

Azken jardunaldian Club de Campo liderraren zelaian irabazteak ematen duen konfiantzarekin ekingo diote donostiarrek Egararen aurkako kanporaketari.

p038_f01.jpg

Asier AIESTARAN

Realak moralez gainezka ekingo dio Terrassan gaur hasi eta igandera arte luzatuko den emakumezkoen belar hockeyko Kopari. Ligako azken jardunaldian Club de Campo liderraren zelaian lortutako garaipena (0-1) gogoangarria izan zen, eta kanporaketak jokatzeko txartela emateaz gain, konfiantza hartzeko balio izan die jokalari txuri-urdinei.

Hala ere, azken urteetan Kopan gertatu izan zaion moduan, ez dute aurkari batere erraza izango final-laurdenetan donostiarrek. Izan ere, Egara indartsuaren aurka neurtu beharko dituzte indarrak, Ligan hirugarren postuan kokatu den taldearen aurka, lau kanporaketetatik parekatuena osatuz.

Hala ere, baikor izateko arrazoiak badaude, elkarren aurka Donostian orain bi aste jokatu zuten norgehiagoka euskaldunek irabazi zutelako (2-1). «Taldearen autoestima igotzeko balio izan zuen», dio Carlos Castaño entrenatzaileak, nahiz eta bere ustez «fisikoki unerik onenean» ez iritsi lehiaketara.

Iazko bideari jarraituz

Aurten ere goi-mailako denboraldia osatzen ari da Reala, iaz lortutako emaitzak egun bakarreko loraldia ez zirela izan erakutsiz. Kontuan izan behar da Ligako finalera iritsi zirela gipuzkoarrak iaz, Club de Camporen aurka galdu zuten arren. «Iazkoa kasualitate hutsa ez zela izan erakusten ari gara azken emaitzekin», gaineratu du Realeko teknikari argentinarrak.

Gaurko partida «oso itxia» izatea espero du Castañok, Egarakoa talde «oldarkorra» delako bere esanetan, «jokalari azkarrak eta trebeak» dituena, eta «lerro guztietan ongi konpentsatua». Eta taldearen lehen helburua Liga on bat egitea den arren, entrenatzaileak oso argi du Kopari ezin zaiola bizkarra eman, are gehiago irabazleak Europako EHL lehiaketa jokatzeko txartela eskuratuko duela kontuan izanda.

Gaur irabaziz gero, CD Terrassa edo Polo izango da Realaren aurkaria bihar jokatuko diren finalerdietan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo