GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA | ESKUBIDE ZIBILEN FOROA

Kazetarien jarrera aktiboa, gatazkaren konponbiderako giltzarri

Eskubide Zibilen Aldeko Mugimenduak eta Bilboko Kafe Antzokiak antolatutako foroak bigarren hitzordua izan zuen atzo. Euskal komunikabideetako aurpegi ezagunek kazetaritza independentea eta politikoki aktiboa aldarrikatu zuten. Hedabideek, «iritzi sortzaile» diren aldetik, arduratsu jokatu behar dute, gatazkaren konponbidea ildo editorialtzat hartuz.

p008_f01_250x152.jpg

Ane ARRUTI

Sorturen legalizazioak -edo ez legalizazioak- komunikabideetan izan duen isla adibide gisa hartuta, Eskubide Zibilen Foroa bigarrenez egin zen atzo Bilbon, Euskal Herriaren demokraziarako zein pauso eman beharko liratekeen hausnartzeko. Aurreko foroan bezalaxe, World Cafe prozeduraren bitartez, taldekako eztabaida txikiekin, iritzi eta ikuspuntu ezberdinak entzuteko aukera izan zen.

Gaia kokatzeko, hedabideetan, alde batean zein bestean esperientzia duten bost ordezkarik hartu zuten hitza, Urtzi Urrutikoetxea Hamaika Telebistako kazetariak aurkeztuta: Estefania Jimenez, EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioko irakaslea eta azken EAEko hauteskundeetan zein Kataluniakoetan hedabideen jarduna aztertu duen lan taldearen koordinatzailea; Iñaki Soto, GARAko zuzendaria; Eider Elduaien, Info7 irratiko koordinatzailea; Joxe Felix Azurmendi, «Egin», «Deia» eta ETB hedabidetan aritua; eta, Pello Urzelai, «Berria»ko politika arduraduna.

Komunikabideen jarrerak, Euskal Herrian eskubideak berma daitezen, «aktiboa» eta, batez ere, «independentea» izan behar duela aldarrikatu zuen Iñaki Sotok: «Uste dut lanbide honetan dihardugunok defendatu behar dugula independentzia hori existitzen dela, boterearekiko daukagun harremanetik abiatzen dena». Horretaz gain, kazetaritzak «derrigor politikoa» izan behar duela nabarmendu zuen, «esplizituki politikoa, gainera». Bere ustez, halaber, komunikabide baten ildo editoriala argia izatea oso garrantzitsua da; inor ez engainatzea, alegia.

Sotok lanbide honi buruzko «fikzio bat» sortu dela gaineratu zuen. «Kazetaritzari egozten zaizkion balizko neutraltasun edo objektibotasun balioen aurrean -egiazkoak ez diren balioak, gizakia gizaki bada, ez baita sekula objektibo edo neutral-, kazetaritza independentea nahiago dut». Zentzu horretan, «independentziak esan nahi du ez garela alderdikoiak izango, ezta sektarioak ere. Kritikoak izango garela», zehaztu zuen.

Eider Elduaienek, bide beretik, gatazkaren konponbiderako komunikabideek duten erantzukizunaz hitz egin zuen. «Nolabaiteko pedagogia egitea dagokigu, gezurrezko egiturak desmuntatzeko eta gatazkaren muina argi agertzeko, konponbidea benetakoa izan dadin».

Izan ere, Joxe Felix Azurmendiren ustetan, kazetari askoren artean pasibotasuna edo interes falta nagusitu da; «ilusioa falta da». «Kazetariak, nahiz eta bere rola edo papera txikia izan, esan behar da kazetaria zintzoa izatea ere ez dela hain indiferentea, badauka bere jokatzeko papera», esan zuen. Gaur egungo egoera aztertzeko berak gertutik ezagutu duen EITBren adibidea hartu zuen mintzagai. «Bai aurreko zuzendaritzarekin, baita oraingoarekin ere, defizit handia egon da langileen eta kazetarien artean. Jendeak lan mekanikoa egiten duela ikusi nuenean, ilusio falta sumatu nuen. Uste dut profesioa berriro mahai gainean jarri behar dela, kazetariak antolatu egin behar direla eta beren indarra enpresaren aurrean agertzeko moduan egon».

Kazetari poliziak

Azurmendik sindikatu frantziar batek 1967an idatzitako «vademecum» bat aipatu zuen. Azken puntuan honakoa ageri da: «Kazetariak ez du bere burua poliziaren paperarekin nahastu behar». Paper horixe hartu dute , ordea, askok, Pello Urzelaik aurkeztu zuen hausnarketaren arabera. «Errugabetasun printzipioa desagertu egin da eta ustezko errudun dira hasieratik», esan zuen Sorturen inguruan hedabideek izan duten trataeraren harira. «Madrilgo prentsaurrekoak galdeketa polizialaren itxura hartu zuen, konfesio bat atera nahian».

Bestalde, informazioaren ordez «propaganda» eskaintzen dutela adierazi zuen eta albisteen titularrak «hitzez hitz poliziaren txostenetatik hartuak» direla, nahiz eta albiste horietan ez den aipatzen atxilotu horiek torturak salatu dituztela eta, paradoxikoki, «beti gezurra esaten duten horien aitorpenak titular bihurtzen dira».

Bide beretik hitz egin zuen Elduaienek ere. «Gatazkaren momentu klabe batzuetan hedabideek paper oso aktiboa jokatu izan dute, ETAren eta ezker abertzalearen aurkako mezuekin, Sorturen garaietan sinesgarritasuna kentzeko albisteak sortuz. Nik uste dut hori garbi dagoela jarrera aktiboa mantentzen dutela Euskal Herriarekiko. Honek eragin zuzena izan du frantziar eta espainiar Estatuan herritarrek gatazkari buruz zuten iritzia desitxuratzeko».

Prentsa idatzia aztertu duen Jimenezek ere esan zuen hedabideen eta sistema politikoaren artean dagoen «tentsioan», oraindik ere komunikabideek dutela giltza. «Espektakulua bilatzen dute eta eurek maneiatzen dute diskurtso politikoa».

Ponentzien ondotik, mahai txikietan bildurik ordu erdiz eztabaidatzeko parada izan zuten Kafe Antzokira bildutako eragile zein norbanakoek. Ateratako ondorioen artean, Euskal Herriak momentu honetan bizi duen aldaketa egoeraren aurrean, komunikabide askok ere euren diskurtsoa aldatu beharko duten itxaropenez hitz egin zuen, esaterako, talde batek. Elduaienek aurrerago aipatu bezala: «Orain arte gatazka politikoa ETAren ekintzekin lotu izan dute hedabideek eta orain behartuta sentitu daitezke aldaketa mediatiko bat eramatera eta beste parametro batzuetara eramatera gatazka politikoa. Horrek nolabait ekar dezake aldaketa bat frantziar eta espainiar herritarren pertzepzioan gatazkari dagokionez».

Aniztasuna defendatuko duen «benetako telebista publiko bat» sortzea ere beharrezkoa dela azpimarratu zuten, baita teknologia berrien eta sare sozialen erabilpenaren garrantzia ere. «Edozein norbanakok informazioa sortzeko aukera du, baina oraindik talde handiek sortzen dute iritzi publikoa. Presio soziala da publikoak egin behar duena». Ondorio hauek guztiak www.foroa.eu atarian plazaratuko dituzte.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo