GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

ERRUGBIA | Top 14

Biarritzek nahikoa izan du Avironen hutsez baliatzea

Zuri-gorriek garaipenaz gain, puntu gehigarria batuta, orotara bost puntu eskuratu zituzten.

BIARRITZ 40

AVIRON 10

Jon LEUNDA

Biarritzek sekulako urratsa eman zuen lehen fasearen amaieran sei onenen artean amaitzeko, eta Avironi, berriz, ikaragarri okertu zaio aurten final-laurdenak eta datorren urtean Heineken Kopa jokatzeko aukera.

Partida bera ez zen ona izan. Biarritz askoz ere gehiago izan zen, baina markagailuko alde hori zuri-gorrien joko onak baino zuri-urdinek emandako erraztasunek eragin zuten.

Izan ere, atzo Avironek dena gaizki egin zuen. Atzean oso ahul aritu ziren, jaso zituzten lau entseguak egindako huts handien ondorio izan ziren. Erasoan ere ez zuten ia ezer egin. Entsegu bat egin zuten, baina askoz aukera gehiago ez zituzten egin. Baloia eskura jokatzerakoan ere huts asko egin zituzten, eta bai eskasetan bai uztartzeetan ez ziren batere fin aritu.

Erraz

Aurkariek horrenbeste erraztasun emanda, Biarritzek ez zuen partida handirik egin behar izan. Zazpi minutu betetzerako, 14-0 aurretik ziren, kanpotarren hutsegiteak aprobetxatuta. Hortik aurrera lehen zatian horixe egitea nahikoa izan zuten, Avironen erraztasunak aprobetxatzea, alegia. Ostikoekin, Yachvili beti bezain fin aritu zen, eta bat ez beste guztiak barrura sartu zituen. Bigarren zatia soberan egon zen. Zuri-gorriak 34-10 aurretik joan ziren atseden hartzera, ia partida erabakita utzita. Bigarrengoan Gonzalezek zuzentzen dituen mutilek aldeari eustea nahikoa izan zuten. Avironek gaizki jarraitzen zuen, eta une batzuetan partida nahasten ere saiatu ziren, baina Biarritzek ez zuen bururik galdu, eta amaieran garaipena eta puntu gehigarria lortu zituen, aurrera urrats handia emanez.

Giroa

30.000 ikusletik gora izan ziren atzo Anoetan, nahiz eta Baionatik uste baino zale gutxiago etorri zen. Festa giroa egun osoan izan zen, eta kiroltasuna, errugbian ohikoa den moduan, nagusi izan zen.

 

Ampo Ordiziak amaitu du denboraldia

Ampo Ordiziak nahi baino lehenago amaitu du denboraldia, atzo Kopako final-laurdenetan galdu egin baitzuen Sevillan Cajasolen aurka 37 eta 17, eta kanporatuta geratu da. Gakoa lehen zatian egon zen, gipuzkoarrak ez baitziren fin aritu. Gerokoa ez zen nahikoa izan.

Gonzalez: «Avironek presioa gehiegi nabaritu du»

Biarritzeko entrenatzaile Jean Michel Gonzalezen ustez, presioa gehiago nabaritu omen zuten kanpotarrek: «Uste dut Avironek presioa gehiegi nabaritu duela. Erraztasun asko eman dizkigu, baina gero horietaz baliatu behar da, eta horretan asmatu dugu. Azkenean, bost puntu lortu ditugu, eta horrek guretzat balio handia du».

Avironeko entrenatzaile Gajanek ez zuen aitzakiarik jarri: «Hasieran huts asko egin ditugu, erraztasun asko eman ditugu, eta haiek, berriz, gure hutsegite guztiez baliatzen jakin dute. Ez dago aitzakia bila ibiltzerik», esan zuen.

J.L.

ASBk denboraldi osoa izango du jokoan

Emakumezkoetan, ASB Baionako taldeak Lehen Mailara egin nahi duen bidean partida garrantzitsua izango du 15.00etatik aurrera Jean Dauguer zelaian. Berde-moreek Stade Bordelais hartuko dute. Baionakoak hirugarren dira, eta Bordelekoak bigarren, lau punturen aldearekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo