GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Poliki-poliki, Baionako Aviron Euskal Herriko futbol talde garrantzitsuenetakoa bihurtu da

Orain dela dozena bat urte gutxik sinetsiko zuten, baina egindako lanari esker, Aviron N1 Mailari tamaina hartuz doa, eta une honetan Euskal Herriko talderik garrantzitsuenetakoa bihurtu da. Aurten denboraldi txukuna egiten ari da, eta jadanik jaitsiera sei puntura dute.

p034_f01_250x140.jpg

Jon LEUNDA

Aviron futbol taldea lan bikaina egiten ari da N1 Mailan. Estatu espainiarrarekin alderatuta, Bigarren A eta Bigarren B mailen arteko maila bat dela esan daiteke. Mailako aurrekonturik apalena dute, milioi bat eurokoa, eta 17 edo 18 milioiko aurrekontua duten taldeak ditu aurkari. Besteak beste, Bastia, Estrasburgo, Guingamp edo Geugnon, orain dela urte gutxi Europako lehiaketetan ari ziren taldeak.

«Oraindik ez dago dena egina, eta lortu bitarte lanean jarraitu behar dugu», esan du Avironeko atezain Ximun Duhourek. Izan ere, hasiera zaila izan zuten. Beheko zuloan sartu ziren, eta bazirudien aurreko taldeek ihes egingo zutela, eta aurten mailari eustea zaila izango zutela, baina azkeneko emaitza bikainen ostean, beheko zulotik irten dira. «Helburua azkeneko partidak lasai jokatzea da, mailari eutsiz, presiorik gabe, baina horretarako emaitzak orain atera behar ditugu», esan zuen Kanboko atezainak.

Taldeak zergatik izan zuen horrelako hasiera txarra galdetutakoan, Ximunek erantzuna garbi dauka. «Baionan urtero ia talde osoa berritzen da, eta hasierak beti dira zailak. Orain denak ongi ezagutzen dugu elkar, eta badakigu nola jokatzen dugun. Egindako lanaren fruituak jasotzen ari gara», baieztatu du lapurtarrak.

Bere buruarekin ere gustura dago Realeko atezain ohia: «Emaitzak onak dira, partida guztiak jokatzen ari naiz, beraz, ez nago kexatzeko moduan». Taldean jokalari anitz kanpotarrak dira, eta haiekin ere harreman bikaina duela onartu du: «Aldagelan sekulako giroa dugu. Kanpotarrak berehala ohitzen dira gure bizimodura. Taldean bagaude urte batzuk daramatzagunak, eta laguntzen saiatzen gara. Denon artean giro bikaina sortzen dugu, eta hori ere garrantzitsua izaten da emaitzak lortzeko garaian».

Mailak gora

Garbi dago Ipar Euskal Herrian futbolak gora egin duela eta, mailari begiratuta, une honetan Athletic, Reala eta Osasuna bakarrik daude Avironek duen mailaren gainetik. «Horrela da, eta garrantzitsua da. Uste dut Alaves, Eibar edo Real Union ere gure parean egon daitezkeela, baina garbi dago Ipar Euskal Herrian errugbia bakarrik ez dagoela, futbolak ere maila oso ona duela, eta hori hobetzen ari gara, gainera», nabarmendu du atezainak. Aviron azkeneko urte hauetan gero eta hobeto ari da, baina hortik gora egiteko beste zerbait falta dela garbi dago, dirua esaterako. «Hemen errugbiak eramaten du diru asko eta denontzat iristea zaila da. Genetsen eta Avironen artean bat egin eta talde handi bat egin behar litzatekeela uste dut. Jendea ari da honi buruz hizketan, eta egunen batean lortuko delakoan nago. Agintariek ez dute ikusi behar klub bakoitzak zer galtzen duen, Ipar Euskal Herriko futbolak zer irabazten duen baizik», argudiatu du.

«Gaur egun ikaragarria da guretzat Bastiaren edo Estrasburgoren aurka jokatzea; orain urte asko ez dela Europako lehiaketetan ari ziren taldeak dira. Pentsa, asteburuero talde handiak hemen izatea zer izango litzatekeen. Uste dut denborarekin izan litekeela horrelako talde handi bat Ipar Euskal Herrian ere», gaineratu du.

Gaur egun, Avironek ez du Hego Euskal Herriko jokalaririk. Asko eta asko dira krisiak jota nora ezean dabiltzanak, eta Ximunek garbi utzi du beraien artean izango luketela tarte bat: «Hemen arazoa hizkuntza izan daiteke, baina aldagelan bagaude euskaraz mintzatzen garen jokalariak, eta etorriko balira, laguntzeko prest gaude. Hemengo aldagelan sekulako giroa daukagu, eta izaten da beti. N1 maila oso ona da jokatzeko, eta etxean izango lirateke. Berri ona litzateke, Hegoaldetik ere etorriko balira», esan du Avironeko atezainak.

Oraingoz N1 Mailan mantentzea da helburua, eta amaierara larrialdirik gabe heltzea. Bide onetik doaz, eta hori harmailetan ere nabari da, gero eta jende gehiago izaten baita horietan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo