GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe EGIA

Linboaren zigorgabetasunean

Espainiako Gobernua eta AEDE Espainiako egunkari argitaratzaileen elkartea ika-mika bizian dabiltza lehenengoak har dezakeen erabakia dela-eta, egunkarietako prostituzio-iragarkiak debekatzea, hain zuzen. Besteak beste, bere garaian egunkariek beren burua arautzeko ezarritako kodeak ez baitu apenas ondoriorik izan, alegia, iragarkiok masiboki eta esplizituki jarraitzen dute prentsan.

Nola ez, horiek argitaratzeagatik irabazten duten dirua kontuan hartuta, areago egungo krisi abagunean. Oso gaizki datorkie halako neurririk, horregatik euren sumina. Esango dute neurriak iragarleen adierazpen-askatasuna eta enpresa eta pertsonen publizitate-askatasuna urratzen dituela; iragarritako jarduera delitua edo osasunerako kaltegarria izanez gero, Gobernuak egin beharko lukeena jarduera bera debekatzea dela, publizitateari heldu beharrean. Benetako arrazoia, ordea, sinplea da: ez dute diru-iturri hori galdu nahi.

Iragarkien atzean zer den, prostituzio-mafiak, emakumeon duintasunaren urraketa, objektutzat jotzen segitzeko ekarpena... ez dute euren erantzukizuntzat hartzen, adierazpen-askatasunari bide eman baino ez dutela egiten argudiatuta. Gero, orriak beteko dituzte sexu-indarkeriaren kontrako eta berdintasunaren aldeko alegatuekin, «politikoki zuzena» kontzeptu hipokrita hain hedatuaren agintepean. Iragarki horiek ez balira bezala gizartetik erauzi nahi dugun guztiaren normalizazioaren laguntzaile.

Beraz, argitaratzaileak gorabehera, Estatuko Kontseiluak aipatu neurriaren aldeko txostena helarazi dio Gobernuari eta, motzean, esan daiteke harrera ona egin diotela neurriari alderdi ugarik -elkarte feministek, prentsa mota horretan diharduten zenbait langilek, adituek...-, bestelako helburu sakonagoetarako urratsa izan daitekeelakoan, gizarteak urteen eta borroka ugariren poderioz barneratu dituen balio berriak islatuta, berdintasuna eta emakumeon duintasuna bezalako kontzeptuak eguneroko bizimodu eta tresnetara ekartze eta ikusarazte aldera; argi esanda, neurri hau lagungarria bada ere, ez dela nahikoa, are gehiago, ez dela benetako eztabaida.

Nabarmena baita benetakoa prostituzioa bera dela; eztabaida zahar eta polemiko bezain antzua. Norberak izango du bere iritzia gaiari dagokionez, gehiago edo gutxiago defendatuko du jarrera abolizionista edo jarduera legeztatzekoa, beste aisialdi-mota bat edo sexu-indarkeriaren beste alderdi bat legez ikusiko du, baina finean, benetan garrantzia duena da prostituzioak ez legala ez legez kontrakoa izaten jarraitzen duela Espainian, linboan dagoela. Eta hor emakumeek jarraitzen dutela gehiegikeriak, abusuak, baldintza arriskutsuak eta osasun-gabeziak pairatzen. Gobernu ezberdinek ez dute erabakirik hartzen, muinera jo gabe jarraitzen dute, eta hori horrela den bitartean, neurri oro izango da petatxu eta eskas; eta prostituzioaren mundua, emakumeen esplotazioarekin jarraitzeko eremu aske. Hedabideek ere badakite hori, baina egunerokoan onartu eta beste alde batera begiratu baino ez da egiten, emakumeen aintzatespenarekin zerikusirik ez duten aitzakia ugariren babesean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo