GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

«Kapuko» aldizkaria, lizentziadun izatera iritsi aurreko eskarmentua

Kazetaritza, Publizitatea eta (Ikus-entzunezko) Komunikazioa hitzen batura da «Kapuko» aldizkariaren izena. Izan ere, sortzaileak hiru ikasketa horien lehen mailako 31. taldeko ikaskideak dira. Komunikazioa, musika, artea, bidaiak, kultura eta moda jorratuko ditu.

p059_f01_152x112.jpg

M. LARRINAGA | BILBO

Ikasketen azken urteetara arte ez da trebatzeko aukerarik izaten normalean, hori dela-eta, EHUko Kazetaritza, Ikus-entzunezko Komunikazioko eta Publizitatea eta Harreman Publikoetako lehen mailako ikasleak dira «Kapuko» aldizkari berriaren sortzaile eta idazleak. «Eskoletan jasotzen dugun ezagutza teoria hutsean geratu beharrean, trebatzeko praktikak ezinbestekoak direla uste dugu eta uste horretatik sortu zen `Kapuko'», azaldu zuten aldizkariko sortzaileetako Joanes Segurola, Ander Barinaga-Rementeria eta Uxue Razkinenak.

Argitalpen hau iragan urtarrileko azterketa sasoian sortu zen. «Azterketa batetik atera, eta Anderrek klasekide batzuei azaldu zien ideia». Esan bezala, idazleak ikasleak dira. «Lantaldea klasekideek osatzen dugu. Azpitalde ezberdinak ditugu eta bakoitzak gai bat lantzen du. Talde bakoitzak bere koordinatzailea du, baita alor ezberdinez arduratzen diren koordinatzaileak ere (eduki arduradunak, euskara eta eduki zuzentzailea, administrazioa, harpidetzak, sare sozialak...). Hasiera batean, klasekideak hasi bagara ere, klasetik kanpokoen laguntza ere izan dugu». Hala ere, eskoletara joatea eta aldizkaria idaztea ez da lan erraza izaten: «Batzuetan gogorra izaten da bi gauzak egunean eramatea. Aurten, Bolonia planarekin gainera, eskoletara joatea derrigorrezkoa da eta sarri denbora atera ezinik ibiltzen gara. Artikuluak idaztea baino zailagoa izaten da edukiak adostea, bakoitzak zer gai landuko dituen zehaztea, zuzentzea eta proiektuari forma ematea. Hori bai, orain arte ikasi dugunarekin, bigarren lauhilekorako aldizkaria kalean izateko lan handia egin dugula eta emaitza txukun samarra izan dela uste dugu».

Jorratuko dituzten gaiak, komunikazioa ardatz izan arren, ugariak izango dira. Musikak, arteak, bidaiek, kulturak edota modak ere tartea izango dute aldizkarian. Gainera, ale bakoitzean elkarrizketa nagusi bat azalduko da, baita komunikazio munduan oro har ikusezinak diren hainbat gauza ere. «`Eremu ikusezina' izeneko atala izango da, non normalean ikusten ez dugun espazio bat erakutsiko dugun; hala nola futbol partida baten irrati bidezko emankizuna nola egiten den, telebista kate baten instalazioa...», azaldu zuen hirukoteak.

Profesionalen parte hartzea

Ale bakoitzak «Sinadura gonbidatua» izeneko atala izango du. Bertan, sektoreko profesional batek artikulu bat idatziko du. Oraingo honetan komunikazioan aditu Joxerra Garziaren hitzak ditu atal honek. «Irakasle askok eskaini digute beren laguntza proiektu hau aurrera ateratzeko. Joan den asteazkenean lehenengo zenbakia atera ondoren, gainera, jende askoren mezuak jaso genituen beraien laguntza eskainiz. Eskertzekoa da guztien interesa».

Hurrengo alea maiatza eta ekaina bitartean aterako dutela iragarri zuten Joanes Segurolak, Ander Barinaga-Rementeriak eta Uxue Razkinenak. Hala ere, «sareko edizioa etengabea da eta astero eduki berriak ateratzen ditugu». Eduki horiek www.kapukoaldizkaria.tk webgunean ikus daitezke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo