Jon Garaño eta Jorge Gilek gidoigintza ikastaroa egingo dute Donostian
GARA | DONOSTIA
Donostia Kulturak Ikus-entzunezkoetako gidoigintza ikastaroa antolatu du maiatz eta ekainerako Larrotxene kultur etxean. Ikastaroaren tutoreak Jorge Gil eta Jon Garaño izango dira. Jorge Gilek telebistarako «Vaya Semanita» eta «Mihiluze» programak idatzi ditu, besteak beste. Jon Garañok, berriz, gidoigile, ekoizle eta zuzendari gisa hainbat lan egin ditu Moriarti ekoiztetxean: «80 egunean», «FGM», «Perurena». Ikastaroak 60 orduko iraupena izango du, 180 euroren truke eta izena emateko epea apirilaren 14an bukatuko da. Lau astetan zehar egingo da, maiatzaren 2tik 6ra eta 16tik 20ra, eta ekainaren 6tik 10era eta 20tik 24ra. Argibide gehiago, www.donostiakultura.com atarian.