GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

SURFLARI ERNEGATUA

«Sans arme, sans haine et sans violence»

 

Alternatibarik eskaintzen ez duen merkatua da egungoa. Surf taulen lemak, esate baterako, mota askotakoak izan daitezke, baina merkatua bakarra da, lema sistema bakarra aurki daiteke. Beste edozein herrialdetan balio ez duen, edo arrakastarik ez duen sistema izan daiteke, baina gurean aurki daitekeen bakarra da, norbaitek horrela erabaki duelako.

Egungo ia produktu gehienek ezaugarri berberak dituzte; erraz hausten dira, ez dute konpontzeko aukerarik ematen, birziklatzeko aukerarik ez dute ematen eta, gainera, garestiak dira. Lehen erosten genituen txikota, taula, neopreno eta abarrek ez zuten berme agiririk, baina iraun egiten zuten. Egun, berriz, garantia agiri bat ematen digute laster hautsiko dugun produktuaren erreklamazioa egiten dugunerako.

Dendariak, noski, ez dira egungo merkatuak eskaintzen digun eredu makurraren erantzuleak, baina bezero ikuspegi hertsi batetik begiratuta, irribarre batekin lapurtzen digutela esan daiteke. Spaggiariaren lema itsatsi beharko lukete horman, iradokizun orriak bezeroarentzako eskuragarri daudela dioen txarteltxoaren ondoan.

Albert Spaggiarik lapurreten historian izan den kolpe handiena eman zuen 1976ko uztailean Nizako Societe General bankuan. Hiru hilabetez bankura iristeko tunel bat egin zuten hogei kidek. Behin bankuko gela nagusira iritsita, kaxa guztiak banan-banan begiratzeari ekin zioten, garrantzitsuena eramateko, eta asteburu batean egungo hamar milioi euro lapurtzea lortu zuten. Astelehenean langileak bankura sartu eta gela korazatuko atea ireki zutenean lapurrek kaxetan aurkitutako politikarien argazki lizunak eta Spaggiarik idatzitako ohartxoa aurkitu zuten paretan itsatsita; «Sans arme, sans haine et sans violence». Alegia, gorrotorik gabe, armarik gabe eta biolentziarik gabe, merkatu sistemak lapurtzen digun bezala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo