GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Azpeitia

Irigoienek eta afrikarrek marka handiak ezarri dituzte

Korrikalariek Haroren marka ondu zuten, eta errezildarra ongi moldatu zen antzinako harriarekin.

Jon LEUNDA

500 ikusle pasatxo besterik ez ziren hurbildu atzo Azpeitiko zezen-plazara, korrikalarien eta Aimar Irigoienen marka handiak ikusteko. Dena primeran joan zen, ikuskizuna aparta izan zen, baina zale kopuruak ez zituen aurreikuspenak bete.

Bi marka saiakera ziren egitekoak atzo. Alde batetik, Aimar Irigoienek antzinako zilindro zaharrarekin zerbait handia egin nahi zuen, eta lortu ere egin zuen, apurtzen erraza ez den marka lortu baitzuen. Bestetik, Hassan Mahboodek eta Geofrey Kusurok Mariano Harok 10 kilometrotan zuen marka hobetu egin zuten.

Azkoitiak eta Azpeitiak hiru kirol ezberdinetako lehiaren ostean ekin zioten marken ahaleginari. Hasten lehena Aimar Irigoien izan zen. Errezildarrak 125 kiloko zilindro zaharra erabili zuen, baina antzinakoa, alegia, harri hutsarekin egina. Neurriak ere oso txikiak ziren, izan ere, harriak 56 zentimetroko altuera zuen, 24 ontza alegia. Erreferentzia Zelaik pisu bereko harriarekin zuena zen, baina bizkaitarrak bost minutuko hiru txanda izan zituen, eta harriak 69 zentimetroko altuera zeukan.

Atzoko, ordea, erreferentzia moduan balio zezakeen, baina marka erabat ezberdina zen, bai harriaren neurria, baita egiteko era ere, bestelakoak baitziren. Errezildarrak bost minutuko txanda batean 43 jasoaldi eman zizkion. Dezente sufritu zuen, baina helburua bete zuen.

Irigoienek zortzi jasoaldi eman zituen minutuko lehen lau minututan, eta hamaika, azkeneko minutuan. Lan bikaina, nahiz eta oraindik ez dagoen bere unerik onenean: «Oraindik ez nago nire onenean. Harria, berriz, oso txikia da, ez gaude ohituta, eta amaieran dezente kostatu zait, baina helburua bete dut», esan zuen.

Amaitzeko, korrikalarien txanda. Alde batetik, Hassan Mahbood eta, bestetik, Geofrey Kusuro korrikalariak aritu ziren, zezen-plazan Mariano Harok zeukan 10 kilometroko marka ontzeko asmoz. Palentziarrak 29 minutu eta 52 segundo behar izan zituen lan hori egiteko 1977. urtean Tolosan. Atzo bi afrikarrek lortu zuten marka hori hobetzea. Mahbood izan zen onena; berak lanak 29 minutu eta 37 segundotan amaitu zituen marka berria ezarriz, baina Geofrey Kusurok ere hobetu zuen Haroren marka. 29.42 izan zen bere denbora. Dagoeneko bada, Harorena hirugarren marka onena da.

Irigoienek bi korrikalariak altxatu zituen

Ekinaldiaren amaieran Aimar Irigoienek lepoan hartu zituen bi korrikalariak, eta biak batera, gainera. Aimarrek esku banatan hartu zituen, eta biak batera gora jaso zituen. Gero korrikalariek gauza bera egin zuten, baina bien artean jaso zuten errezildar handia.

Harok zuzenean ikusi zuen ekinaldia

Mariano Harok zuzenean ikusi zuen atzoko marka saiakera. «Alde batetik, poza ematen dit, beste mundukoa nintzela ematen baitzuen, baina nahiago nuen espainiar batek edo europar batek ondu izan balu. Dena dela, bi afrikar hauek maila handia erakutsi dute», esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo