DONOSTIA XI. ANTZERKI SARIA
Ikaragarrizko bonba jauzi da Victoria Eugenian: «Errautsak»
Antzerkiaren Munduko Egunerako Jessica A. Kaahwak idatzitako mezuak bezala, Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek ere gerra izan zuten hizpide Victoria Eugeniako ekitaldian. «Bonbardatu dezagun mundua antzerkiz», dei egin zuten. Hasteko, bonba galanta erori zen atzo: «Errautsak».
Maider IANTZI
Artedramak, Le Petit Theatre de Painek eta Dejabu Panpin Laborategiak elkarrekin egindako antzezlana da «Errautsak», Unai Iturriaga eta Igor Elortza bertsolariek idatzitako elkarrizketekin osatua. Bi durangarrek jaso zuten, hain zuzen, Euskararen Udal Patronatuaren eta Donostia Kulturaren saria. Ainhoa Beola Euskara zinegotziak koadroa eman zienean, esker oneko solasak baino ez zituzten izan.
«Aktoreak kontzentratuta ei daude -hasi zen Elortza umorez-. Horregatik, guri tokatu zaigu ohorea edo `marroia'. Oso pozik gaude sariagatik, eta lehenengo egunetik jende askok ikusi duelako antzerkia. Asko etorri zaizkigu zoriontzera edo iritzia ematera eta horrek esan nahi du jendeak bere egin duela antzezlana. Hori da onena, hori eta koadroa... Diruarena, `soportatu' egiten da».
Iturriagak eskerrak eman zizkien hiru konpainiei ezagutzen ez zuten arlo batean lan egiteko aukera emateagatik. «Eskerrak batez ere eurei. Merezi zuten», adierazi zuen.
«Nazio Batuek dirutza eskergak xahutzen dituzte mundu osoan bakegintzarako armak erabiliz; bitartean, antzerkia aukera berezko, gizatiarra da, askoz kostu gutxiagokoa eta askoz indartsuagoa», zioen Jessica A. Kaahwa Ugandako Makerereko Unibertsitateko katedradunak Antzerkiaren Munduko Egunerako idatzitako mezuak. Eta Mikel Martinez eta Patxo Telleria aktoreek aurkezpen barregarria egin zuten gerra mintzagai hartuta.
Adibidez, euskaraz terminologia militar eskasa ikusten zutela-eta, hitz edo esamolde batzuk proposatu zituzten: «legianario», alkandora zuri-zuria duen legionarioa izendatzeko, edo «porrotx egin», pailazo batek gerra galdu duela adierazteko. Sarrera txiki honen ondotik erori zen antzokian iragarritako bonba erraldoia: «Errautsak» obraren antzezpena.
Aktoreak saria jasotzeko eta batik bat emanaldia egiteko gogoz zeuden. «Publikoarekin harreman oso ona sortzen da, gure artean ere bai, eta plazer handia da», azaldu zioten GARAri.
Ametsa edo harrokeria
«Inprobisazio lanei ekin eta ideiak taula gainean jartzen genituen, baina ikusi genuen ez ginela idazleak. Lagunak mintzatzen direlarik badute kasik beren hiztegia, gakoak, erranaldiak... Hori mintzairan zorroztu beharra genuen eta bertsolariei laguntza eskatu genien».
Lan talde polita osatu zuten, hortaz. Aktore ezagunak daude tartean: Ximun eta Manex Fuchs, Ander Lipus, Miren Gaztañaga, Ainara Gurrutxaga eta Urko Redondo. Euskal Herriko antzerki bat egitea zuten xede. «Hori zen gure ametsa edo harrokeria. Eta hein batean lortu dugu», baieztatu zuen zuzendariak.
Kontent daude lortutakoarekin, eta harrera hagitz ona izaten ari dela ikusten dute; jendea biltzen da aldiro, zurrumurruak onak dira eta publikoarekin zerbait pasatzen dela sentitzen dute. «Gauza serioak aipatzen ditugu, ez molde serioan, ordea. Gure buruaz trufatzen gara. Baina jendeak ezagutzen ditu antzezten ditugun pertsonaiak; beraiek ez baldin badira, lagunak edo lehengusuak izango dira».
Euren belaunaldiaz solas egin nahi zuten, nortzuk diren eta zer egin duten azaldu. Pertsonaiak ezberdinak dira, baina belaunaldi bereko kideei begiratuz gero ere, denek ofizio eta bizi desberdinak dituzte. «Belaunaldia ez da bat, jende, ikuspuntu eta izateko molde anitz daude», argitu zuen Fuchsek.
Aitzitik, ezaugarri bat izan dezakete denek: ez dituzte gaztetan zituzten ametsak bete. «Hori denen kontua da. Ez dakit nork bete dituen gaztetako ametsak! Ez ditut ezagutzen eta esaten dutenei ez dakit sinistuko diedan!», aitortu zuen aktoreak irrika. Gai horretaz hausnartzen dute antzezlanean: «Zein diren ametsak eta zertan ari garen gure ametsekin. Ea baditugun oraindik ametsak edo ehortzi ditugun, zer falta zaigun, zer izaten ahal ginen eta zer ez garen... Existentziala dirudi, baina gauza aski sinplea da».
«XX. mendeko ametsen errautsak gara. Oraindik ere, errautsetan noizbait surik izan zela sinetsarazi nahi diogu gure buruari. Ba ote?». Gogoeta hau egiten dute, baina ez dute erantzunik ematen. «Galderak pausatzen ditugu, eta kasurik hoberenean, jendearekin kaña bat hartu, baina urrunago ez gara joaten!».
Zer izaten ari da artistentzat proiektu honetan politena? «Oraindik bizi beharko duguna!», erantzun zuen Fuchsek. Azpeitiko Topaketetan publikoaren saria eman zieten; atzo, Donostiakoa, eta hau ere hagitz ongi hartu zuten, plazer handiarekin. «Fama mailan laguntzen digu, publikoa atzematen, emanaldiak lortzen, eta saria dirua ere badenez, ondoko ikuskizuna prestatzen».
«Errautsak» obraren bertze berezitasun bat hainbat euskalki eta hizkera josi izana da. Eurentzat gozamena izan da, aktore bezala, hizkuntzarekin jostatu nahi zutelako. Egia erran, errealitatean zaila da istorio honetakoa bezalako koadrilarik topatzea, kide bat zuberotarra duena, bertzea bizkaitarra, bertzea gipuzkoarra, lapurtarra... «Kasik gerta zitekeen hori gure belaunaldian Iparraldeko ikastolan, errefuxiatuen seme-alabak baitzeuden, batekoak eta bestekoak. Baina, gainerakoan, nekez gerta liteke». Bakoitza bere euskalkian aritzeak, bestalde, pertsonaiei sinesgarritasuna ematen diela deritzo; ikusleek gutxienez euskalki bat menperatzen dute eta badute ardatz bat segitzeko.
Kantuen inguruan bilduta
Etengabe egiten diote erreferentzia euskal kantutegiari. «Beharbada, hori gelditzen zaigu herentzian, gure kantuak. Abesti baten eta trago baten inguruan biltzen gara. Norbait ehorztean zaila zaigu gure erritua atzematea, gure belaunaldiak ez duelako erlijioan sinesten. Eta kantuen bidez erritual bat asmatzen dugu gaztaroa edo laguna ehorzteko».
Eszenografiari dagokionez, Jose Pablo Arriagak egin du; sinple-sinplea da, kutxa bat eta mozorro batzuk soilik daude, aktoreen lana agerian uzteko.
Www.errautsak.com-en jakinarazten dute zeintzuk izanen diren hurrengo emanaldiak: Zarautz, Igorre, Eibar, Aulesti... Pila bat eginen dituzte, pila bat egin dituzte, eta horretaz harro daude. Normalean antzerkira joaten ez den jendea ere erakartzea lortu dute, gainera. Emanaldi anitz egin dituzte denbora gutxian eta horrek publizitate naturala sortu du, ahoz ahoko publizitatea. Jendeak lagunak, gurasoak edo osaba-izebak deitzen ditu erranez: «Etorri».
Ander Lipus aktorea pozarren zen sariarekin, baina, nabarmendu zuenez, euskal antzerkia eginez antzokia betetzea da berarentzat onena. «Nik uste gako txiki bat dagoela: hiru konpainia elkarrekin lan egiten ausartu gara, Iparraldeko eta Hegoaldeko muga hori apurtzen, eta horrek obrari berebiziko indarra eman dio. Nor bere euskalkia erabiltzen entzutea ere asko gustatzen zaio jendeari».
Euskaldunon imaginarioan dauden gauzez solas egiten dute: «Gure gauzak dira, gure kantuak, gure arazoak». Kontu hagitz ezberdinak ukitzen dituzten arren, badago joera, publikoak batez ere, irri egiteko. Berez, obraren hasiera gogorra da: lagun bat hil da. Eta horrek puntu tragiko bat ematen dio, baina gero besta basati bihurtzen denez, bertze indar bat hartzen du.
Zigor euskaldun zikiratuaren pertsonaia antzezten du Lipusek. «Antieuskalduna da, baina azkenean bera da euskaldunena. Hasieran, esaten du paso egiten duela bertsolariak ikustera joateaz, gorroto dituela, baina bertso bat botatzen bukatzen du». Bertzeak bezala, kontraesanez beteta dago. «Basurdetxo bat da. Harroputzena da, eta maitasun kontu bat esan behar duenean astakirten bat».
«Belaunaldi baten parte gara. Jaio nintzenean Franco oraindaino bizirik zegoen. Gazte nintzenean Kortatu, Ertzainak, Zarama eta Eskorbuto maite nituen, eta badago hor mami bat. Hori da transmititzen duguna, guk bizi izan dugun istorio txiki bat antzerkiaren ikuspuntutik kontatua. Erresistentziako herri batean bizi garela sentitzen dut eta erresistentzia hori egiten dugun antzerkian ikusten dela uste dut», agertu zuen aktore bizkaitarrak. Obran primeran pasatzen du, gainerako kideek bezala. Horra hor atzo ere besta leherrarazi zuen bonbaren sorburua.