Maider Eizmendi Kazetaria
Inspirazio tokia galduta
Inspirazio toki nagusietarikoa galdu dut egun batetik bestera. Txoko honetarako ideiak han iristen zitzaizkidan askotan eta aurreragorako utzitako hizketaldietan eman beharreko azalpenak bertan borobiltzen nituen; han etortzen zitzaidan etorria.
Gurpilen mugimendu biribil eta jarraituak betidanik lasaitu izan nau, askatu. Haurra nintzela ere, autoan sartu orduko, lasai sentitzen nintzen; kanturako etorria eta, batez ere, logura sorrarazten omen zizkidan gurpilen mugimenduak, hala kontatu izan didate behintzat etxean. Unibertsitate garaian autobusean ordu mordoxka egiten nituen, loa eta hausnarketa, biak uztartzeko adina.
Gidatzeko baimena lortu berritan, nahikoa lan nuen autoaren martxak noiz demontre aldatu behar ziren asmatze hutsarekin. Belarriz antzemango niola esaten zidaten eskarmentua zutenek, eta antzemate lan horretan eta autoaren motorra ez erretzeko ahaleginean, bestetarako astirik ez nuen. Giharrak gogor-gogor eginda ateratzen nintzen orduan autotik. Aste gutxiren buruan ikasi nuen, ordea, autoa entzuten eta gidatzerakoan burua askatzen.
Orain burua aske ez, erabat lotuta sentitzen dut berriz ere bolantean eta horrela izan dadin ahaleginetan aritzen naiz, gainera. Abiaduraren mugak gidarien burua erabat mugatzen duela iruditzen zait. Ezin da sanoa izan bidean begiak jarri beharrean une oro, errepide bazterretako «sorpresatxoetan» eta abiadura kontrolatzen duen bolante pareko pantailatxoan jarrita gidatzea. Ez sanoa eta ez segurua. Ezin omen da GPSa gidatzen ari garen bitartean zuzendu, horrek arreta mugatzen duelako; ezin telefonoz hitz egin, begiak errepidetik kentzera behartzen gaituelako... Arreta oso-osoa bolante aurreko zenbakietan jarri behar dugu.
110 kilometro orduko abiadurara iristean abisu ematen dit autoak, iratzargailuaren soinuari adinako nazka hartu diodan txistuarekin. Hark ekartzen nau berriro segundo bakan batzuetan utzi dudan errepidearen gordinera, abiadura pasa eta frenoa inolako erreparotik gabe zapaltzen duten gidarien estresera, giharrak uzkurtuta gidatzen dutenen artaldera.