Boli Kostako mendebaldea kontrolpean dutela diote Ouattararen jarraitzaileek
Duekoue barrutia mendean hartu dutela diote Alassane Ouattararen zaleek, eta horrekin, sei puntu estrategiko kontrolpean dituztela. Nazioarteak erne segitzen du, gerra zibil bat lehertzeko arriskuaren aurrean.
GARA | ABIDJAN
Arma astunak ez erabiltzeko deiadarrek ez dute erantzunik jaso Boli Kostan, leherketa eta tiroketa hotsak agerikoak izan baitziren atzo Duekouen, mendebaldeko barruti estrategikoenean. Alassane Ouattararen aldeko Boli Kostako Indar Errepublikanoak segurtatu duenez, mendean hartu dute Liberia eta Ginearanzko giltzarritzat jotzen duten pasabidea, eta horrela, lehentasunezkoa zuten helburuetako bat lortu dute, izan ere, hortik barneratzen ziren Laurent Gbagbo jarduneko presidentearen aldeko mertzenario liberiarrak. Hala izanez gero, Ouattararen jarraitzaileak kontrolatzera iritsi diren seigarren puntu estrategikoa litzateke.
Duekoue hiria Gbagboren mandatupean izan da 2002-2003ko gerrateaz geroztik, baita Boli Kostako hegoaldea ere. Alta, pasa den azaroko bozetan lehertutako krisi politikoaren ondorioz, herrialdearen iparraldean biltzen diren Ouattararen zaleek aurrera egin dute hego-mendebalderantz, Gbagboren aldekoei mehatxu eginez. Ouattara azaroko hauteskundeetako garaile legitimoa dela irizten diote, eta hortaz, presidente karguan ipini nahi dute. Hori pentsatzen du nazioarteak ere, baina, Gbagbok baliogabetu egin zituen iparraldeko hainbat eremutako botoak, eta estatuburu izendatu zuen bere burua beste agintaldi batez; artean ez du presidente-egoitza laga, eta zaleek gogor dihardute haren defentsan.
Gerra zibila lehertzeko arriskua dagoela jakitun da nazioartea; Ruandakoa bezalako drama baten beldur dela aitortu du Europar Batasunak. Eta auzian bitartekari lanak egitea ere ez da batere samurra; horretarako gertu azaldu zen Afrikako Batasuna herenegun, baina horri uko egin dio Ouattarak, lan horretarako hautatu duten Jose Britok Gbagborekin harreman estua duela iritzita.