GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Jokaera lotsagarri bezain pedagogikoak

Europar Parlamentuak ez du Pablo Zalba PPko europarlamentari nafarra ikertuko, Parlamentuko presidenteordetzak atzo azaldu zuenez, ikerketa hori ez baitagokio Europar Parlamentuari, herrialde bakoitzeko agintariei baizik. Lobby faltsu batek eskaini zion diruaren truke lege bati zuzenketa egitea onartu zuen Zalbak, «The Sunday Times» britaniarraren arabera, europarlamentariak ez duela dirurik jaso esan zuen arren. Nolanahi ere, zuzentarau bat aldatzea onartu zuen, hura hobetze aldera, esan zuenez. Astebete lehenago, antzeko beste hiru kasuren berri jakinarazi zuen igandekari britaniarrak, eta kasu horietan eskainitako dirua jaso zuten europarlamentariek.

Inork ezin du argudiatu «The Sunday Times» Europar Batasunaren aurkako joera duela, hori beste eztabaida bat izateaz gain, argudio ezdeusa baita, eta ez du egia ezabatzen. Zalba eta beste europarlamentarien kasuak beste eztabaida bati dagozkio: lobbyen jarduna, legez kanpokoa ez dena baina Parlamentuaren zereginaren gaineko zalantzak sorrarazten dituena. Europar Parlamentuaren eta herritarren arteko distantzia oso handia da, krisi garai honetan are handiagoa, eta zenbaitek herritarren zerbitzuko lana negozio bihurtzen edo herritarrenak ez diren interesak babesten ikusteak ez du distantzia hori txikiagotuko. Zalantzarik gabe, jokaera lotsagarriak dira; baina, aldi berean, pedagogikoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo