Amaia Arroyo Sagasta | Arrasate
Bruesa Construcción, Kutxa eta Eguzkienea
Ez da Bruesa Inmobiliariak bultzatutako Aretxabaletako Eguzkienea sustapenari buruz idazten dugun lehenengo aldia.
2010eko ekainean, etxebizitza-bloke batzuen obrak gelditu egin ziren. Irailaren 1a izan zen Bruesa Inmobiliariak Bruesa Construcción-en egoera larriaren berri eman zigun eguna. Gu lasaitzen saiatu ziren, obrei irailaren bukaeran berriro ekingo zietela esanez. Dena dela, jabe gehienok etxebizitzaren ametsarekin aurrera egitea erabaki genuen, eta, horrekin batera, salerosketa-kontratua betetzeko epea igaro arren, etxebizitza jasotzeko sei hilabete gehiago itxarotea.
2011ko martxoan obra berriro gelditu zen. Bikote bat Aretxabaletako Bruesako bulegora gerturatu zen, eta bertan, ondorengoa azaldu zieten: Kutxak obraren finantziazioa bermatzen du. Antza denez, gremioek beren dirua jasotzen dute, baina ez da gauza bera gertatzen Bruesarekin. Esan digutenaren arabera, ez dago Kutxak Bruesari egin behar dizkion ordainketak bermatzen dituen idatzirik. Zein izan da Bruesaren erantzuna egoera honen aurrean? Bada, gremioei lanik ez egiteko agindu omen die, gure iritziz, Kutxak ordain dezan presionatzeko asmoarekin.
Edonola ere, geldialdi hau onartezina da. Geldialdien eta berrabiarazteen kontua galdu dugu. Ulertzen dugu presioa egiteko modua izan daitekeela, baina Bruesak ulertu behar du abala efektibo egiteko tranpolina prestatzen ari dela. Zenbatetan jasan behar dugu egoera hau? Zenbat denbora iraun behar du? Uste dugu gure egonezina ezin daitekeela handiagoa izan.
Bruesa Inmobiliariak bultzatutako Aretxabaletako Eguzkienea sustapenaren obrari berriro ekin diezaiotela eskatzen dugu eta, era berean, berma diezagutela egoera hau berriro ez dela errepikatuko.