ANALISIA | PAUEKO KONTSEILUAN, ALDERDI SOZIALISTA NAGUSI
Ipar Euskal Herrian abantzurik ez jakobinismo arrosaren eskutik
Oro har, hautetsi sozialistek sutsuki defenditzen dute Errepublika. «Euskal berezitasuna» ez dute aintzat hartzen eta Departamendua ez dute zatitu nahi. Euskal lurraldeetako kontseilari gehienak eskuinekoak edo zentristak izango dira aurrerantzean ere. 21etik soilik 7 daude PSren esku eta beste bat abertzalea da.
Arantxa MANTEROLA
Hiru urterako bakarrik bada ere, PSren aspaldiko ametsa egia bilakatu da, azkenean. Igandeko bigarren itzuliak nagusitasuna eman die Pirinio Atlantikoetako Kontseiluan. Tendentzia politiko berriak aldaketak ekarriko ditu seguru asko, baina Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan mahai gainean dauden eskakizun eta arazoei dagokionez, ez da aitzinamendurik izateko perspektiba handirik sumatzen.
Historikotzat jo dute Paueko Kontseilu Nagusian ezkerrak nagusitasuna lortu izana amaitu berri diren kantonamenduetako hauteskundeetan. 1789ko Iraultzatik eratorritako erakunde horretan ez zen, Pirinio Atlantikoe- tako Departamenduari dagokionean, inoiz halakorik gertatu. Zentzu horretan, beraz, izandako aldaketa historikotzat har daiteke.
Alta, agintea eskualdatzeak, egiaz zer mudantza -hoberantz, jakina- ekar diezaieke Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko biztanleei? Horratx egoera berriak planteatzen duen lehen galdera.
Lehenik eta behin, hiru euskal lurraldeetan kontseilari gehienak eskuinekoak edota zentristak dira. Zehazki, gaurko Kontseilu Nagusian eserlekua duten hogeita bat euskal hautetsietatik, zazpi soilik dira ezkerrekoak eta bat abertzalea.
Hortaz, PSko hautetsi gehienak Biarnokoak dira. Inguruabar horrek, seguru asko, eragina izango du Ipar Euskal Herriarekin zerikusia duten zenbait gaitan. Izan ere, «euskal berezitasuna» deiturikoarekin aski kritiko dira, oro har.
Abertzaleek ez ezik, argudio hori maiz erabili izan dute hautagai zentristek eta eskuinekoek ere pasa den kanpaina honetan. Egia da PSko euskal kontseilarien artean badirela batzuk Ipar Euskal Herriarekiko berezko sentiberatasuna dutenak. Egia da, baita ere, alderdiak urrats txiki batzuk egin dituela, esaterako, aurtengo aurrekontuan euskara laguntzeko eman ohi duen diru laguntzaz gain, Seaskari diru-funts garrantzitsua bideratzearen alde egin dute, Kanboko kolegioa eraiki dezan.
Baina, orokorrean, homogeneotasun errepublikarraren defendatzaile sutsuak dira. Horregatik, esparru abertzaletik harago gero eta hedatuago dagoen berariazko instituzioaren eskakizunak ez du, ezkerra nagusi bilakatu izanagatik, aurrerapenik izango, PS betidanik argi eta garbi azaldu baita Piri- nio Atlantikoetako Departamendua bere horretan mantentzearen alde.
Egun Ipar Euskal Herriak daukan aitorpen urria -pays delakoa- eta hortik eratorritako Hitzarmen Berezia babesteko ere nahiko epel ibili izan dira orain artean.
Jarrera jakobino horrek ez ditu batere lagunduko Euskal Herriko panorama politikoan mahai gainean dauden beste errebindikazio asko (laborantza ganbera berezia, euskararen aitortza ofiziala, unibertsitate propioa...). Zeresanik ez, gatazka politikoarekin lotutakoak (atxiloketak, presoak, euroaginduak...), gehienetan «espainolen afera» izango balira bezala jarduten baitute.
AHTren burdinbide berriaren kontra daudenek ere ez dute pozteko arrazoi handirik izango aldaketa honekin, salbuespen bakan batzuk kenduta, PSko hautetsiak proiektuarekin bat baitatoz. Orain artean Paueko Kontseiluak gogor eutsi dio eraikuntza finantzatzeko Estatuak eskatu dion dirutza guztia eman gabe.
Gehiengo berriari esker, ordea, Tours-Bordele zatiko lanei ekiteko RFF tren-sarea kudeatzen duen enpresa publikoak eskatu duen funts osagarria (23 milioi euro, aurretik onartuta dauden 53 milioiez gain), laster batean onartuko duela adierazi du Georges Labaze presidente izango denak, Alain Rousset Akitaniako Kontseilukoaren gozamenerako.
Hori bai, aldaketak izatekotan, alor sozialean nabarituko direla iragarri dute behin eta berriro, hau da, laguntza sozialak, hezkuntzan, bere eskumeneko zerbitzu publikoetan eta abar. Hori izan da, hain zuzen, beren kanpainako ardatza.
Alabaina, euren asmoak zenbateraino gauzatuko diren ikusteko dago. Orain hasi den legealdiak hiru urte eskas iraungo ditu, eta honezaz gain, Departamenduko instituzioak dituen eskumen eta aurrekontuen mugak ikusirik, borondate guztiarekin ere, ez da batere lan erraza izango.
Edozein erakundetan tendentziaren aldaketa gertatzen denean bezala, Kontseilu Nagusi berriaren gerizpean dauden egituretan ere ondorioak ekarriko ditu. Konfiantzazko postuetan izan daitezkeenez gain, litekeena da oso beste batzuetan ere mudantza egikaritzea, esaterako, EEP Euskararen Erakunde Publikoan.
2004an sortu zenetik, orain arte, Max Brisson UMPko kontseilaria izan da buru bertan, baina ardura hori Frantxua Maitiaren gain gera daiteke (egungo lehendakariordea da bera). Estatuak EEPn %30eko parte hartzea izanik ere, Erregioak eta Departamenduaren artean (biak orain sozialisten esku) %60ra iristen baitira. Gainera, laster ardurak berritzekotan dira.
Beste egituretan ere sumatu beharko litzateke eraldaketa hau. Hautetsien Kontseiluan, eta ondorioz, Garapen Kontseiluan ere bai.
Igandeko emaitzek utzitako triunfalismo kutsua gorabehera, Ipar Euskal Herriko mapa politikoa «arrosagoa» dela ezin da ukatu. Azken urteetako tendentzia egiaztatu da oraingo hauteskundeetan ere. Baionako hiru kantonamenduetan, esaterako, PSko hautagaiek eskuratu dute Paueko eserlekua.
Hala eta guztiz ere, ausartegia litzateke hortik beste hauteskundeekiko irakurketa mimetiko bat egitea. Herriko etxeetako bozetan, hiri nagusiak behintzat -Baiona bera, adibidez- eskuinaren esku geratzen dira normalean.
Gauza bera gertatu ohi da Pariseko Asanblea Nazionalerako diputatuak aukeratzeko hauteskundeetan. Ipar Euskal Herrian dauden hiru hauteskunde-barrutietan, hiru diputatuak eskuinekoak dira (bi UMPkoak eta bat zentrista).
Presidentea hautatzeko 2007 urtean egin ziren bozetan ere, Sarkozyk jaso zuen babes handiena, baina esan beharra dago alde txikiarekin izan zela, soilik 2.100 boto gehiago erdietsi baitzituen egungo estatuburuak Segolene Royal PSko hautagaiaren kontrako lehian.
Eskaintza abertzaleari dagokionean, berriz, begi bistan geratu da barnealdean gero eta sustraituago dagoela. Atharratzeko kantonamendua kenduta, oro har, emaitza oso onak bildu dituzte EHBaiko hautagaiek.
Horien artean, hoberenak Iholdikoak izan dira. Olzomendi bigarren itzulian presente izan da eta bozen ia %43 bereganatu ditu. Donibane Garazi, Hazparne eta Bastidako emaitzek ere berresten dute kontuan hartzeko indar politikoa bilakatu dela.
Alta, koalizioa osatzen duten alderdiek hirigunetakoak sakonki aztertuko dituzte. Berez, eremu zailak dira abertzaleentzat, eta berriro ere agerian geratu da hori oraingo deialdian.
Baina, zailtasunak zailtasun, begi bistakoa da ez dutela lortu beren boto-emaile potentzialen zati bat hauteslekuetara erakartzea. Abstentzio horren arrazoiak ugariak izango dira, jakina, baina bat izan daiteke EHBai koalizioaren apustua ez dela erabat onartua izan sektore batzuetan.
Zalantzarik gabe, eta horrela adierazi dute gainera, abertzaleek bere bidea jorratzen segitzeko asmo tinkoa dute, Departamenduko agintea arrosaz jantzi arren, kolore nagusiak bleu, blanc, rouge izaten jarraitzen baitute.