GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ustez bikotekidea erasotzeagatik, gizon bat atxilotu dute Donostian

GARA

Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu zuen igande gauean, ustez bikotekideari tratu txarrak eragin zizkiolako. Hori dela eta, genero-indarkeria delitua egotzita atxilotu zuten gizonezkoa.

Lakuak zabaldutako prentsa oharrak dioenaren arabera, igandean, 23.30 aldera, emakume batek Ertzaintzari laguntza eskatu zion, bikotekideak eragindako erasoak zirela-eta.

Emakumeak Donostiako bizilekura bertaratu zitzaizkion ertzainei adierazi zienez, gizonezkoak aurpegian makina bat kolpe eman zizkion, eta orkatila eta eskua ere bihurritu zizkion. Bestalde, emakumeak argitu zuenez, auzoko etxebizitza batean eman zioten babesari esker lortu zuen deia egin eta laguntza eskatzea.

Emakumeak ubeldura ageri-agerikoak zituela ikusi zutenean, erasotzailea atxilotu egin zuten agenteek eta komisariara eraman zuten, genero indarkeriako delitu baten egile izatea egotzita. Iturri berberek jakinarazitakoaren arabera, antza denez, ez da izan erasotzaileak biktimari eraso egin dion aurreneko aldia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo