Osakidetzak webgune «osatuagoa» abiatuko du
GARA |
Osakidetzak webgune berri bat jarriko du martxan datorren apirilaren 4tik aurrera -www.osakidetza.euskadi.net-. Osanet multimedia ataria eta Osasun eta Kontsumo Saileko zerbitzuak bilduko dira bertan. Prentsaurrekoan adierazi dutenez, «erabilera erraztea» eta «eraginkortasuna hobetzea» dira horren helburuak.
Jesus Maria Fernandez Osasun sailburuordearen hitzetan, webguneak «informazio erraza, fidagarria eta segurua» bilduko du. Zerbitzu berriekin, gainera, Internet bidez hitzartutako ziten kopurua handitzea espero dute -orain arte, Osanet webgunearen bidez, ehuneko bata baino ez dira izan-.
Webgune berriak GIB eramaileei eta diabetesa eta asma duten pertsonei bideratutako espazio bereziak izango ditu, sare sozialak eta Youtube gisako atariak biltzen dituzten kanalekin. Aplikazioak jaisteko aukera ere izango da, Osakidetzako arduradunek nabarmendu dutenez.