Berezkoak Binakako Txapelketa
Waltari-Lanbert izan da finalerdiak jokatzeko txartela lortu duen lehen bikoa
Jon LEUNDA
Waltari eta Ximun Lanbert izan dira finalerdietarako txartela lortu duten lehen pilotariak. Ligaxkako bi partidak irabazi dituzte, eta jadanik helburua bete dute. Multzoko beste bi bikoek, Bielle-Kurutxarik eta Lanbert-Harizmendik, final-laurdenak jokatu beharko dituzte, eta aurkaria zein izango duten datorren astean jakingo dute.
Atzoko neurketak ere emozio gutxi izan zuen. Lehen tantoetan ongi aritu ziren Bielle eta Kurutxari. Launako berdinketarekin ere egon ziren, baina azkar amaitu ziren estualdiak. Hortik aurrera Waltarik hartu zuen aginte makila, eta beste guztiek bere erara aritu behar izan zuten Garat pilotalekuan.
Apurka-apurka aldea handitzen joan zen, eta markagailuan zer-nolako diferentziak izango ziren jakitea bakarrik falta zen. Amaieran, zuloa hamalau tantokoa izan zen. Garbi dago gaur egun Waltari beste guztien gainetik dagoela, eta atzo ere istorio bera errepikatu zen.