Binakako Txapelketa
Baliteke Xala eta Barriola finalista izatea jokatu aurretik
Igandean jokatuko dute Eibarren Aimar Olaizola eta Beginoren kontra, bezperan Irujo-Merino eta Gonzalez-Laskurain bikoen arteko emaitza jakinda.
Asier AIESTARAN
Azken urteetan ikusi ahal izan den moduan, ligaxka sistemaren arazoetako bat azken jardunaldietan sortzen da, aurrez sailkapena lortua duen bikoteren baten emaitzak besteen aukerak baldintzatu ditzakeelako. Aurtengo Binakako Txapelketan ez da horrelakorik gertatu oraingoz, baina asteburu honetan, finalerdietako ligaxkaren azken jardunaldian, baliteke Xala eta Barriola finalerako sailkatuta egotea azken partida jokatzen hasi aurretik.
Izan ere, atzo jakinarazi zituzten azken jardunaldi hori hartuko duten lekuak eta datak. Larunbatean, Iruñeko Labrit pilotalekuan, Irujo-Merino II.a eta Gonzalez-Laskurain neurtuko dira. Xala-Barriolak eta Olaizola II.a-Beginok, berriz, igandean jokatuko dute Eibarreko Astelena frontoian. Larunbatean Gonzalez eta Laskurainek irabaziz gero, Xala eta Barriola finalean sartuko dira zuzenean.
Zorionez, eta beste urte batzuetako zalantzak uxatzeko balioko duelakoan, Aspeko Xalak eta Barriolak Asegarceko bikotearen aurka jokatzen dute eta, beraz, ahalik eta tanteorik onenarekin irabaztea komeniko zaie, enpresako kideei mesede egiteko helburuarekin.
Labriteko material aukeraketa bihar egingo dute 11.30ean, eta Eibarrekoa ostegunean, ordu berean. Sarrerak eskuragarri daude jada ohiko lekuetan.