GARA > Idatzia > Kultura

Larunbatean argituko da aurtengo Arabako Bertsolari Txapelketako irabazlea zein izango den

Manex Agirre, Oihane Perea, Asier Otamendi, Iñaki Viñaspre, Zigor Enbeita eta Ander Solozabal arituko dira nor baino nor larunbatean, Gasteizko Printzipal antzokian 17.30ean jokatuko den azken lehian.

p043_f01_148x080.jpg

GARA | GASTEIZ

Ur botila baliatu du Arabako Bertsolari Txapelketak aurtengo sinbolo edo metafora gisa. Erdi hutsik edo erdi beteta ikustea guztiz ezberdina bada ere, Txapelketako botilak gainezka egin duela, edo egitear dagoela esan liteke. Azken tanta datorren larunbatean isuriko dute Manex Agirre, Oihane Perea, Asier Otamendi, Iñaki Viñaspre, Zigor Enbeita eta Ander Solozabalek Gasteizko Printzipal antzokian jokatuko duten finalean. Hitzordua, 17.30ean finkatu dute antolatzaileek, eta sarrerak salgai daude dagoeneko hainbat tokitan: www.bertsosarrerak.eu-n, Amaia Zentroan, Laudioko Ilargi tabernan, Amurrioko Txokogorrin, Aguraingo Txirrita liburu-dendan eta egunean bertan Printzipal antzokian.

Bertso olatuen artean igerian egiten jakin beharko dute denek txapela eskuratu nahi badute. Lehen fasean, binaka, hiruna bertso zortziko nagusian, hiruna bertso zortziko txikian, bina puntu zortziko txikian eta hiruna bertso hamarreko txikian kantatu beharko dituzte. Bakarka, ezarritako gaiari bina bertso, doinu eta neurri librean.

Puntuazio onena lortzen duten bi bertsolariak buruz burukoan ariko dira txapelduna nor den erabakitzeko lehian. Bertan, hiruna bertso ofizioka seiko motzean eta kartzelako gaiari hiruna bertso neurri eta doinu librean bota beharko dituzte.

Gai-jartzaile lanetan Idoia Beitia arituko da, eta epaimahaia Hodei Lopez de Arkaute, Patxi Aizpurua, Ekaitz Elorriaga, Mikel Fernandez de Arroiabe eta Iker Elexpuruk osatuko dute. Lierni Altuna izango da saioko gidaria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo