Mexikoko droga trafikoaren aurkako planaren «gehiegikeriak» salatu dituzte
Droga trafikoari aurre egiteko 2006an Felipe Calderonek martxan jarritako estrategia «porrot itzela izan» dela esan dute Mexikoko giza eskubideen aldeko erakundeek. Erailketak eta bahiketak areagotzeaz gain, estrategiak «gehiegikeriak» ahalbidetzen dituela salatu dute.
GARA
Droga trafikoaren aurkako borroka asko gordindu da azken urteetan Mexikon; are gehiago, Felipe Calderon presidenteak, 2006an, delinkuentzia antolatuaren aurkako estrategia nazionala martxan ipini zuenetik. Gainera, oldarraldi mota horrek izan du beste mota bateko adierazpiderik giza eskubideen defentsan diharduten erakundeek deitoratu dutenez, praktika horietan «neurrigabeko gehiegikeria» baliatu baitute poliziek zein militarrek, haien aburuz. Horren arbuiorako, hain justu, Giza Eskubideen Amerikarteko Batzordea joan den martxoaren 21az geroztik egiten ari den entzunaldi publikoetan parte hartu zuten atzo giza eskubideen aldeko erakundeek.
Azaldu zutenez, militarrak herrialdean hedatzea erabaki zenetik bost urtera, 35.000 lagun hil dira droga trafikoak gogorren astintzen dituen eremuetan. Horiek horrela, operazioa «porrot biribila» izan dela ondorioztatzen dute, indarkeria, bahiketak zein estortsioa areagotu direla kontuan izanda, ondorioak «zorigaiztokoak» izan direlako. «Droga trafikoaren aurkako borrokan militarrak inplikatu izanak erailketa-tasa %75 igotzea ekarri du, azken hogei urteetan izan den beheranzko joera hautsiz», azaldu zuen Carlos Karin Zazueta Giza Eskubideen Aldeko Herritarren Babes Taldekoak.
Mexikoko Gobernuko ordezkaritza, alabaina, datuen eztabaidan sartzea errefusatuta, hartutako erabakiak arrazoitzera mugatu zen. Aurrera eramandako estrategia «giza eskubideen errespetua aintzatetsiz» gauzatu dutela nabarmendu zuen Gobernuko ordezkari Felipe de Jesusek. Baina, estrategiak «luze eta gogor» joko duela aitortu zuen, baita horren emaitzak ez direla epe laburrean ikusiko ere. Giza eskubideen auzien egoera zein den egiaztatzeko, Mexiko bisitatzeko konpromisoa hartu zuen atzo Giza Eskubideen Amerikarteko Batzordeak.
Desagertuak ere gogoan
Jakina da droga trafikoak makina bat hildako eragin dituela Mexikon, baina agertu ez diren lagunen kasuak ezagutzen diren arren, haien zerrendarik ez dagoela salatu zuen atzo senide multzo batek Nazio Batuen Erakundeko Behartutako Desagerpenen Lan Taldearen aurrean. Eurek desagertutako 250 lagunen zerrenda aurkeztu zuten zehazki, eta horien erantzuleak antolatutako taldeak direla uste badute ere, segurtasun indarren inplikazioaren zantzuak badituztela ziurtatu dute.
Auziak argitzeko Gobernuari presio egin diezaiola exijitu zioten NBEri biktimen senideek, eta halako delituak prebenitzeko legedia molda dezatela.
Delinkuentzia antolatuarekin bat egin ez dezaten, lanik ez duten eta ikasten ari ez diren gazteak, hiru urtez eta trukean diru saria jasoz, derrigorrez Armadara batzeko lege-proposamena aurkeztu du Chihuahuako gobernadore Cesar Duartek.