GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

ANDINISMOA Jarduerak

Patagoniako hirukoa: era askean, bistan eta azkar

Sean Villanuevak eta Nicolas Favressek Fitz Royren eki aurpegia era librean eta bistan eskalatu dute. 36 orduko jarduera horretan 1.350 metro eta 7b-ko zailtasunak gainditu zituzten. Bien bitartean, Whit Magro, Nate Opp eta Josh Whartonek «Wave effect» izeneko zeharkaldia egin dute: 1.900 m, 7b+.

p048_f05_97x160.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Patagoniako denboraldiaren inguruko albisteak behin baino gehiagotan ekarri dizkizuegu orrialdeotara. Dagoeneko, lasai asko esan dezakegu bai Argentinako bai Txileko erpin ikusgarriek ateak itxi dituztela. Eta amaiera honekin goi mailako pare bat eskalada jarduera aipatu nahi genituzke. Biek ala biek badute komunean eite bat: era askean eginiko zailtasuneko eskalada.

Lehen jardueraren protagonistak Sean Villanueva eta Nicolas Favresse belgikarrak dira, era askean eskalatzen duten nazioarteko bi espezialista indartsuenetarikoak. Bada, bi eskalatzaile hauek, 36 orduko jardueran (otsailaren 19tik 20ra), Fitz Royren eki aurpegia era askean eta bistaz eskalatu zuten. «Patagoniak eskaini zigun leiho on bat aprobetxatu genuen, eta Fitz Roy lehen aldiz igotzea lortu genuen. Eki aurpegitik igo ginen, 1.350 metroan, artesi perfektuetan», adierazi du Favressek.

Inolako zalantzarik gabe, eskalada bikain baten aurrean gaude; izan ere, oso azkar eskalatzeaz gain, 7b-ko zailtasunak gainditu zituzten. Sokada belgikarrak esan duenez, batez ere «El Corazon» bidea jarraitu zuten, baina, tarte batzuk bustita zeudenez, «Ferrari» bidetik hasi ziren: ««Ferrari»ren bost bat luze eskalatu genituen, eta, gero, «El Corazon»era itzuli ginen. Horiei «Royal Flush» bidearen bi luze eta beste bi berri gehitu behar zaizkie. Hortik aurrera, «El Corazon»en jarraitu genuen 21. luzeraino; hots, A4 tartearen azpiraino. Askoz ere errazagoa zein zentzuzkoagoa zirudien ezkerrera jo eta «Royal Flush»en artesiak hartzea. Puntu horretan, beste luze batzuk egin ondoren, «Royal Flush»ek «El Corazon»ekin bat egin eta gailurrera eramaten zaitu».

Horrela bada, Villanuevak eta Favressek «El Corazon» bidea oinarritzat hartu zuten, eta, hainbat aldaera egin ondoren, A4-ko tartea saihestu egin zuten. Hala ere, bideak zituen zailtasun teknikoak ez zituzten saihestu. Bi protagonistok baieztatu dutenez, eginiko eskalada, zailtasunari dagokionez, oso iraunkorra da (5.10/5.11). Horrez gain, bidearen giltzak, hots, hiru luze gogor gainditu behar izan zituzten: «5.12 zailtasunekoak ziren, baina, hori bai, aitortu behar dugu artesi horiek perfektuak direla. Ez da muturreko zailtasuna, baina, tira, ondo baino hobeto pasa genuen. Oro har, oso bide ederra da, ametsezko artesiak dituena eta pareta dotore batean. Ikuskizun ederra!».

Azkar eta gauez

Jarduera hau egitera izaera bereko beste eskalada batek bultzatu zuela adierazi du Favressek: «Patagoniara eginiko nire lehen bisita duela 5 urtekoa da, eta garai hartan Tommy Caldwell, Topher Donahue eta Eric Roed izan nituen inspirazio iturri. Izan ere, hirukote horrek «Linea di Eleganza» bidea era askean eskalatu zuen. Ia ez dut sinisten antzeko jarduera bat egin dudanik».

Otsailaren 19an hasi ziren eskalatzen. Goizeko zazpiak ziren. Eta biharamunean, gaueko hamar eta erdietan gailurrean ziren: «Estilo alpinoan eskalatu genuen, eta luze bakoitza elkar banatzen genuen. Luze zailenetan, berriz, lasaiago joaten ginen, bizkar-zakua kendu eta gero sokarekin igotzen genuen. Ia ez genuen atsedenik hartu; oso azkar eskalatu genuen. Lehenbiziko gauean etenalditxo bat egin genuen, ura urtu eta zopa bat egiteko. Gure estrategia gauez eskalatzea zen, batez ere mugituz hotzik ez jasateko. Haatik, bidea edo artesiak jarraitzea ez zen batere zaila izan, hau da, iluntasuna ez zen oztopo izan. Beti zalantzaren bat edo beste duzu, baina ilargi betea genuen eta, beraz, gau magikoa izan zen».

Belgikarrak gustura daude lortutako emaitzarekin: «Ia gehienek soilik gailurra nahi dute. Agian, A4 tarte horrek beldurra ematen die, baina uste dut ate bat zabaldu dugula. Gainera, «Royal Flush» baino askoz ere lehorrago dago. Klasiko bihur liteke. Zoritxarrez, «Ferrari» bideak dituen makina bat eskailera metalikoekin egin dugu topo. Desastre hutsa da, eta ez da batere atsegina horiek ondoan dituzula eskalatzea. Kentzen saiatu ginen, baina ez genuen tresneria egokirik. Inolako zalantzarik gabe, kendu egin behar dira!».

«Wave effect»

Bien bitartean, Whit Magro, Nate Opp eta Josh Wharton estatubatuarrek lau eguneko jardunean goi mailako zeharkaldia sinatzeko aukera izan dute. «Wave effect» (1.900 m, 7b+, 40º) izena jarri diote, eta, belgikarrek bezala, estatubatuarrek ere eskalada osoa era askean egin dute.

Protagonistek esan dutenez, zeharkaldi hau egiteko asmoa Bean Bowers kidearena zen, eta, horregatik, behin amaituta hari eskaini diote. Hiruko sokada honek hiru erpin lotu zituen: Aguja Desmochada, Aguja de la Silla eta Fitz Roy.

Hasteko, Aguja Desmochadara hurbildu ziren, eta lehenbiziko egunean mendiaren lehen zatia eskalatu zuten. Bukatu, berriz, biharamunean. Erpin hori gainditu ahal izateko, eskalatzaile hauek «El Condor» (550 m, 6b+) eta «Golden eagle» (700 m, 7a+) bideak lotu zituzten, eta horri honako izena eman zioten: «Brass parrot variant» (7b+). Amaiera «The found of the fury» bidetik (700 m ,7a) egin zuten.

Desmochadaren gailurra zapaldu ondoren, Aguja de la Sillara abiatu ziren. Hirugarren eguna zuten. Erpin horretan bide berria zabaldu zuten: «The vertical current» (600 m, 6b). Hori egin eta gero, Fitz Royren hego aurpegian dagoen «Californiana» bidera (690 m, 6c) abiatu ziren. Soilik bost ordu behar izan zituzten aipatutako marra igo eta gailurra zapaltzeko.

Hitz batean esanda, estatubatuarrek zein belgikarrek Patagoniako aurtengo denboraldian ekarpena egin dute.

fitz roy

Sean Villanuevak eta Nicolas Favressek erpinaren eki aurpegia eskalatu dute era askean eta bistaz

zeharkaldia

Magro, Opp eta Whartonek hiru erpin lortu dituzte: Aguja Desmochada, Aguja de la Silla eta Fitz Roy

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo