GARA > Idatzia > Kirolak

ITSASOA

Olatu bat salbatu, planeta suntsitu

p054_f03_86x92.jpg

Surflari ernegatua

Sona handia dute SIMA erakundeak urtero egiten dituen izendapenek, agian antolatzaileak munduko merkatuan eragin handia duten marka izenak direlako, eta merkatuan eragin dezakeenak, beste edozertan eragin dezake.

Enpresa handiak biltzen dira beren produktuen salmenta handitzeko eta beste enpresekin elkarlana eginaz irabazietan gora egiteko, baina bitartekoak ezagunak dira eta ez datoz bat diskurtso ekologiko batekin. Iritzi publikoaren aurrean, erosleen eta bezeroen aurrean, salgarriagoa den diskurtso batekin agertu behar da eta horretarako antolatzen dira Laguna Beachen urtero egiten den ekitaldia bezalakoak. Baina, formek, ekitaldia bera antolatzeko moduak, erakundearen eta bertako kideen benetako izaera agerian uzten dute.

Sarituak diren surflariak oso maitatuak izan ohi dira. Antolatzaileek badakite sarituko dituzten kideek surf komunitate osoaren babesa dutela, izan ere beraiek sortutako pertsonaia bat saritzera datoz, zeren egiaz ezagutzen al ditugu aldizkarietan ageri diren pertsonaia horiek?

Pertsona bat, irudi bat, eta azkenik produktua. Saritu guztiak ikusi ahal izan ditugu erreportajeetan ohiko diskurtsoa errepikatzen, ozeanoa maitatzen badugu berau babestera behartuak gaudela eta abar. Diskurtso hau darabilen erakunde bati koherentzia eska diezaiokegu, baina pertsona bati?

Urteko Waterman izendatuak izan diren kide gehienek, urtean ehun taulatik gora erabiltzen dituzte, uretako motoekin aritzen dira, ageriko kontraesanak dituzte, baina azken batean pertsonak dira, denok ditugun akats eta beharrekin.

Oinarrian badira, inolaz ere auzitan jartzen ez ditugun aferak, gainontzeko ekintzetan eragiten digutenak. Hori garbi ikusten da merkatua eta ingurumena babestearen diskurtsoarekin. Batez ere nabarmena da estatubatuarren kasuan, non azken helburua beti dirua egitea den eta horretarako bitartekoak bigarren mailako osagaiak diren.

Dirua biltzeko praktikoa izan behar da eta praktikoa izateko indarrean dauden joko arauen arabera jokatu behar da, indarrean dagoen joko arauak ingurumena zuzen-zuzenean kolpatzen badu ere. Jarduteko modu honek lurraren baliabideak esplotatu egiten ditu. Lurrari, berak eman dezakeena baino gehiago eskatzen zaio, eta hau ez da sostengagarria, egungo merkatu sistemarekin uztera goazen aztarna ekologikoa planeta bera baino handiagoa baita, eta hori, ezinezkoa da.

Ongi dago leku jakin bateko olatua salbatzeko diru bilketak egitea, baina gero eta argiago dago antzerako ekimenak, beren berezko jarduera zuritzeko erabiltzen dituztela zenbaitzuek. Nork? Olatu bat salbatzeko ekitaldiak antolatu eta eguneroko jardueran planeta suntsitzen dutenek. Garapena, neurrigabeko ekoizpen gisa ulertzen dutenek.

Ez da txantxetako afera, arduraz jokatzea eskatzen duen auzia da. Ardurak ordea, koherentzia eskatzen du, eta koherentziak, gutxiagorekin bizitzeko prest egotea. Galdera da, prest al gaude?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo