GARA > Idatzia > Mundua

Ur erradioaktibo isuria kontrolatzeko «hilabeteak» beharko direla dio Japoniak

Fukushima zentral nuklearrean 2. erreaktorean aurkitutako ur erradioaktibo isuria geldiarazteko saiakeran diharduten bitartean, desagertuak bilatzen eta ebakuatutakoak birkokatzen hasi da Japoniako Gobernua.

p020_f02.jpg

GARA | TOKIO

Fukushimako zentral nuklearreko erreaktoreen kontrola berreskuratzeko lanak gutxi ez, etaherenegun 2. erreaktorean atzemandako isuri erradioaktiboak kontrolatzeko ahaleginak gehitu zaizkie orain zentraleko langileei. Bigarren erreaktoretik hurbil dagoen zulogune batean irekitako 20 zentimetroko arrakala batetik egiten du ihes ur erradioaktiboak, eta itsasora ailegatu da honezkero. Pitzadura hormigoiz ixten saiatu ziren atzo, baina helburua betetzen ez zuela konturatutakoan, polimero hautsa injektatzen saiatuko direla argitu zuten; urarekin kontaktuan, gel xurgagarri bilakatzen da polimero hautsa, eta horren bidez, arrakala ixtea lortuko dutelakoan daude.

Nolanahi ere, isuriak kontrolatzerako «hilabeteak» igaro litezkeela eman du aditzera Naoto Kan Japoniako lehen ministroak.

Desagertuen bila

Bien bitartean, joan den martxoaren 11ko lurrikararen eta horren osteko tsunamiaren eraginez desagertutakoen bila jarraitzen dute 25.000 soldadu japoniar eta estatubatuarrek. Desagertuak bilatzeko hiru eguneko operazio berezia abiatu zuten joan den ostiralean, eta atzoko azken egunean indarrak biderkatu zituzten arren, ez zuten nahi bezalako emaitzarik izan.

Gobernuko iturrien azken datuen arabera, 12.020 lagun dira ezbeharrean hildakoak eta beste 15.512 lagun oraindik aurkitu gabe segitzen dutenak. Hilabete betetzear den honetan, ebakuatutakoak birkokatzen ere hasi da Gobernua; Minamisanriku herritik 500 lagun lekualdatu zituzten atzo ondoko herrietara, eta epe laburrean beste 600 eramango dituztela ziurtatu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo